Konfiantza beharrean

Eibarrek bolada txarra eteteko hiru puntu garrantzitsu ditu gaur jokoan, Huescaren kontra. Galduz gero, jaitsiera postuetan sartuko da

Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Konfiantza berreskuratzeko partida garrantzitsu bezain erabakigarria du gaur Eibarrek. Mailari eusteko borrokan berarekin batera dabilen talde bat izango du parez pare Ipuruan: Huesca. Eibar ez dago denboraldiko garairik onenean. Gipuzkoarrek zazpi partida daramatzate ligan irabazi gabe, eta hori azken hirurak aurkari zuzenen aurka lehiatu dituztela. Atzetik hasita laugarren daude eibartarrak, jaitsiera postuetatik kanpo, baina azken-hirugarrenaren puntu berberak dituzte. Huescaren aurka galduz gero, jaitsiera postuetan sartuko dira.

Jose Luis Mendilibar entrenatzailea bolada txarraren jakitun dago: «38 puntu eskuratu behar ditugu, eta, orain arte izan dugun erritmoarekin, ez digu ematen. Partida batzuetatik hiru puntuekin atera beharra daukagu».

Hemeretzi punturekin, sailkapenean azkena da Huesca. Baina Jose Rojo Pacheta entrenatzaile berriarekin ondo ari da jokatzen. Behetik gora doa: azken lau partidetatik bi irabazi ditu, eta itxura ona eman du Sevillaren eta Real Madrilen aurkako neurketetan: «Orain arte, partida guztietan aritu dira lehiakor, baina irabaztea kostatzen zitzaien. Orain, defentsan sendoago daude, eta erasoan min egiteko jendea dute».

Joaneko norgehiagokan, bana berdindu zuten Alcorazen. Sailkapena zein estu dagoen ikusita, berebiziko garrantzia izango du gaurko neurketako emaitzak, bi taldeen arteko golen aldea jokoan baitago.

Kevin Rodrigues lesiotik osatu da, eta, zelaitik kanpo bost aste pasatu eta gero, berriro lehiatzeko prest da. Mendilibarrek, baina, ez du eskuragarri izango, beste jardunaldi batez, Rober Correa. Atzelariak min hartuta jarraitzen du. Izango ez den bestea Marko Dmitrovic da; aita hil zitzaion atzo, eta gauean, Serbiara joan zen atezaina. Jon Mikel harrobikoa sartu da deialdian.

EIBAR-HUESCA
Eibar. Yoel; Pozo, Oliveira, Bigas, Arbilla; Inui, Exposito, Diop, Bryan Gil; Sergi Enrich eta Kike Garcia.
Huesca.Alvaro Fernandez; Jorge Pulido, Dimitrios Siovas, Pablo Insua; Pablo Maffeo, Mikel Rico, Jaime Seoane, Javi Galan; Rafa Mir, David Ferreiro eta Escriche.
Epailea. Gonzalez Fuertes.
Lekua. Ipurua.
Ordua. 14:00 (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.