Zazpi jokalari estreinakoz ariko dira euskal selekzioarekin

Athleticeko jokalariak dira nagusi Amorrortuk eta Etxarrik egindako deialdian, eta Bartzelonakoak Gerard Lopezek egindakoan

Julen Etxeberria.
2014ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Jadanik jakina da zein 44 jokalari ariko diren igande honetan euskal selekzioak eta Kataluniakoak San Mamesen jokatuko duten neurketan. Bi selekzioetako hautatzaileek atzo eman zuten deialdien berri. Mikel Etxarrik eta Jose Mari Amorrortuk egindako zerrendan Athleticeko jokalariak dira nagusi. Hamar daude guztira: Aritz Aduriz, Jon Aurtenetxe, Mikel Balentziaga, Beñat Etxebarria, Xabier Etxeita, Ibai Gomez, Gorka Iraizoz, Ander Iturraspe, Mikel San Jose eta Markel Susaeta; Realetik, berriz, sei daude: Jon Ansotegi, Yuri Berchiche, Markel Bergara, Carlos Martinez, Iñigo Martinez eta Xabi Prieto; Eibarretik, bost: Mikel Arruabarrena, Eneko Boveda, Ander Capa, Dani Garcia eta Xabier Iruretagoiena; eta Osasunatik, Roberto Torres. Zerrenda horretatik zazpi dira selekzioarekin inoiz jokatu gabekoak: Etxeita, Yuri eta Eibarreko bost jokalariak.

Beste behin, hutsune nabari bat baino gehiago dago. Adibidez, ez dago Euskal Herritik kanpoko jokalaririk: Xabi Alonso, Asier Illarramendi, Raul Garcia, Fernando Llorente... Natxo Monreal, Cesar Azpilikueta, Ander Herrera, Mikel Arteta... Ingalaterran ari direnak ere ez dira izango, hango liga ez baita gelditzen Gabonetan. Ipar Euskal Herriko jokalaririk ere ez da, ezta arabarrik ere—Alavesek kexa azaldu du—. Hala ere, hutsuneak hutsune, selekzio txukuna osatu dute Amorrortuk eta Etxarrik.

Kataluniak, talde indartsua

Amorrortuk eta Etxarrik ez bezala, Gerard Lopez Kataluniako hautatzaileak deitu ahal izan ditu jokalari onenak —Cesc Chelseko jokalaria da hutsune bakarra—. Alaveseko jokalari ohiak egindako zerrendan Bartzelonako jokalariak dira nagusi. Bederatzi daude guztira, tartean Gerard Pique, Jordi Alba, Xavi Hernandez eta Sergio Busquets. Bartzelona taldekoak ez diren beste hamahiru jokalariak ere puntakoak dira: Kiko Casilla, Victor Sanchez, Gerard Deulofeu, Gerard Moreno, Andreu Fontas, Aleix Vidal, Jonathan Soriano eta Alberto de la Bella, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.