KRITIKA. Donostiako 52. Jazzaldia

Zorioneko ezpainak eta ahotsa

2017ko uztailaren 26a
00:00
Entzun

Lucky Chopseta Macy Gray



Lekua: Trinitate plaza.Eguna: Uztailak 24.

Lucky Chops (Zorioneko ezpainak). Bai, jauna, horixe behar da indar horrekin, kemen horrekin, eta hain luzean jotzeko haizezko tresnaren bat, zorioneko ezpainak. Hasteko, Joshua Holcomb jauna tronboiarekin, elastikorik gabe eta kiroletako praka motzak jantzita azaldu da saltoka. Atzetik, eta sekulako energiarekin, Daro Behroozi saxoarekin eta filipinar jatorriko Raphael Buyo txikia, sekulako sousafono handiarekin—helikoiaren modukoa—. Ekialdeko komiki batetik ateratako demoniotxo bat dirudi. Joshua Gawelek tronpetarekin nota altuei eragingo die behin eta berriz, ezpainak lehertzean jarri arte; eta, kontrastean, Charles Samsek konbentzionalagoa dirudi baterian. Eta hasi da festa!!

Guretzat txaranga bat izan zitekeenaren antzekoa da egiten dutena, baina, energia gainezka dute, eta errepertorioan denetarik: discoa, jazza, popa, herri musika... Eta nola ez , ikusleak zirikatzen dituzte, zutik jartzera bultzatu... dantzan jartzeko asmoa dute, ez dira isilduko...Klarinete baxu batekin kontu xelebreak, esperimentalak egiten saiatuko dira, eta, hala ere, gertukoak dira, gazteak, sasoikoak, saltoka dabiltzanak... une bakar batean ere gelditu gabe daude. Azkenean, lortu dute Trinitate plaza tente jartzea, dantzan. Gora festa!!!

Ahots latz, urratu eta epelarekin azaldu da Macy Gray (Canton, AEB, 1967). Tenperamentua eta grazia erakusten ditu. Abeslari eta aktore zazpiki samarra dugu, eta, batera edo bestera gu bereganatzea izango du bere lana —eta jakina, lortuko du!—. Welcome Macy, ongi etorria ematen dion pankarta zabaldudute zaleek. Jendeak maite du, eta bera, bere soineko luze eta teatralarekin, gertutasuna transmititzen saiatzen da. Talde bikaina ekarri du, maila handikoa, berari dagokion bezalakoa. Haren estilo ganoragabe eta bihurriak erakartzen gaitu. Soul, reggae, funk...denak erabiltzen ditu. Mintzo zaigu, terapeuta gisa, eromenari, maitasunari, autoestimuari, kokapenari, askatasunari eta abarrei buruz... Mintzo zaigu, eta mintzaldi bakoitzarekin konkistatzen gaitu apur bat.

Grazia du, eta trebea da bere dohainak erabiltzen. Why Didn't You Call Me abestu du bere jarraitzaileak asetzeko, eta, ondoren, aldarri gisa, My Way ( Neure erara) aski ospetsua. Baina ordurako, Lucky Chopsekomusikariak taula gainean ziren, erabat prestatu gabe zegoena hala moduz aurrera eramaten eta riffak jotzen, asmatzen..., azkenean neskato txiki dantzari bat taula gainera igo du Macyk, eta dantzara eraman gaituzte bigarren aldiz gau honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.