Telesailak

Emakumeen itxaropenaren kartzela

'Red Light' telesailak hiru emakumeren istorio gurutzatuak jorratu ditu, prostituzioa ardatz hartuta. Herbehereen eta Belgikaren arteko koprodukzio bat da

SUNDANCE TV.
Mikel Yarza Artola.
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Bat: Emakume lirain batek atea gurutzatu du, gorriz argiztaturiko klubaren barnera. Bi: Gizon gihartsu bat masturbatzen ari da bere gelan, telefonoan neska gazte baten argazkiari begiratzen dion bitartean. Hiru: Emakume argal eta goibel batek alkoholaren ozeanoan galdu du bere burua, etxe hotz baten bakardadean.

Lana, desira eta menpekotasuna. Horiek dira Red Light telesailak lehen irudietan islatzen dituen kontzeptuak. Lantaldeko aktore guztiek interpretazio onenaren saria irabazi zuten, modu kolektiboan, 2020ko Canneseries jaialdian. Hiri bereko zinemaldi erraldoiaren itzalean, lehiaketa hori erreferente bilakatu da azken urteetan Europako telesailentzat. Ikusgaitasun horren erakusgarri, Carice van Houten da proiektu honetako aktore protagonistetako bat, Game of Thrones telesailean Melisandre pertsonaia gogoangarriaren rola jokatu zuen emakumea.

Kontakizun hartako joera mistikoetatik urrun, oraingo honetan, Van Houten Amsterdameko eta Anberesko errealitatean murgildu da, emakumeek hango kaleetan bizi duten eguneroko gordinean. Prostituzioa legezkoa da Herbehereetan eta Belgikan, baina telesailak praktika horren argi-ilunei erreparatu die: esaterako, haurren prostituzioari, giza salerosketari eta negozio kriminalei. Kontakizun honetan, gizonezkoek etekin ekonomikoak ateratzen dituzte emakumeen, etxeen alokairuen eta harreman manipulatzaileen kontura.

«Ez al litzaizuke gustatuko bizitza normal bat bizitzea?», galdegin dio emakume batek besteari, azken horrek prostituta gisa aritzea erabaki izana ulertu ezinik. Funtsean, proxeneten eta emakumeen arteko botere harremanei buruzko telesail bat da, eta gogoeta plazaratzen du sistemaren bazterrean bizi direnen inguruan. Sortzaileek iradoki dutenez, mespretxaturiko emakumea ez ezik, askatasun sexuala ere etxekoturiko biktima da sistema kapitalistaren atzaparretan.

Dena den, botereari buruzko tankera honetako gogoetak baino interesgarriagoak dira adibide praktikoak. Prostitutek egunero igartzen dute zapalkuntzaren arrastoa euren larruazalean. Telesailak indarkeriaren menpe erakusten ditu, izan auzo gorriko erakusleihoetan, izan gela ilunetan edo kale izoztuetan. Bezeroek behartzen dituzte, baina baita nagusiek ere, emakumeen jabe direla sinetsita. Arriskuan eta babesgabe daude,eta beldurra erraietan sartu diete.

Prostituzioa, ordea, ez da telesailaren arretagune bakarra. Hiru emakume protagonistetako bik ez dute loturarik unibertso horrekin: polizia agentea da bat, eta opera kantaria bestea. Azken horren senarra ezustean desagertu izanak batuko ditu haien patuak. Emakumea gizonaren menpe, berriz ere.

Europa iparraldeko bi herrialde jakinen mugaldeko istorio bat jorratzen du Red Light telesailak, baina munduko edozein txokotakoa izan zitekeen. Prostituta protagonista gaztelania ikasten ari da, eta Tenerifez hitz egiten du maiz, askatasuna jomugan. Zorionez, iluntasunean ere bada argirik; irain, iruzur eta hilketen artean, bada itxaropenik.

'RED LIGHT'
Sortzailea: Anke Blonde, Wouter Bouvijn.
Aktoreak: Carice van Houten, Maaike Neuville, Halina Reijn, Geert Van Rampelberg, Koen De Bouw.
Herrialdea: Herbehereak.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Sundance TV.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Drama, krimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.