Aitzol Atutxa

Adaxka gaztea

1980eko hamarkadan jaiotako Euskal Herriko lehen aizkora txapelduna da, baita titulua lortu duen aurreneko bizkaitarra ere. 7 urterekin hasi zen plazetan, eta hogei urte geroago jo du gaina.

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Goizeko sei eta erdiak autoko erlojuan. Lanerako bidean da, eta bere txapelaren inguruko albistea entzun du Euskadi Irratian. «Kirol albistegia nirekin ireki dute; ilusioa egin dit», aitortu du Aitzol Atutxak. Euskal Herriko txapeldun izateak ez dio jai hartzeko nahikoa eskubiderik eman. «Tira, egun erdiz bakarrik egin dut lan. Gero Gernikara joan gara goizean, feriara». Ekonomi ikasketak eginikoa, etxeko enpresan dihardu, egur salerosketan. Eguerdirako lan guztiak eginak zituen, eta ahotsa fresko, txapelaren ospakizunak luze jo ez zuen seinale. «Ohitura falta izango da, badakizu. Goiz bildu ginen, goiz esnatzeko». Eta hori parrandarako giro egokia zuela, 150 pertsona bildu baitziren Diman eginiko bazkarian. Ospakizuna bainoago, ezkontza zirudien.

Ezpal artean jaio zen Atutxa. Aizkolari baten semea izaki, 7 urterekin lehen plazak egina zen. Aita Bizkaiko eta 2. Mailako txapeldun izana du, eta oraindik ere elkarrekin artzen dira Bizkaiko binakako txapelketan. Azken hamar urtean eurek jantzi dute txapela. «Euskal Herriko txapelketarako sailkatu zen, baina lanarengatik ezin izan zuen parte hartu. Etxean ere poz handia hartu dute nire txapelarekin». Eskertzetan hasita, zerrenda luzea da: «Etxekoak, bikotekidea, semea, etortzear dagoen bigarrena, Armando Larrea entrenatzailea...».

Bizkaian jaiotako lehen aizkora txapelduna da, eta lurraldeko herri kirolaz oroitu da eskertze zerrenda egitean: «Gazte hasi nintzela ikusita, aizkoran egin ahalko nuela zioten. Baina baita 'Bizkaian ez du ikasiko' edota 'Gipuzkoa edo Nafarroara joan beharko du ikastera' ere. Bizkaian ikasi nuen nik aizkoran, eta lurraldeko herri kirolaren txapela da hau». Bere ereduak Bizkaiko herri kirolari bultzada ematea nahiko luke. «Ea zerbaitetarako balio duen. Ni hedabideetan ikusita ea gazte gehiago gerturatzen diren. Orain helburua ez da nire bigarren txapela, finalean beste bizkaitar bat egotea baizik. Baina, tira, polita litzateke herrialde bakoitzeko aizkolari bat duen final bat».

Beasainen irabazi zuen finala, eta bera zen lehiakide gazteena. Azken urteetako bilakaera ikusita, txapela lortzeko bidean zen: gazte mailako txapeldun, 3. Mailakoa, 2. Mailakoa, txapeldunorde iaz, sailkatze faseko onena aurten, eta txapela. «Uste baino lehenago iritsi zait. Aurrekoei erreparatuta, azken txapeldunek 30 urteak pasatuta irabazi zuten aurreneko txapela. Nolabait joera hautsi dut». 80ko hamarkadan jaiotako lehen txapelduna da, gazteenetan laugarrena, eta azken 40 urteetako gazteena. «Belaunaldi aldaketaren hasiera baino ez da. Oraindik egongo dira aurreko belaunaldiko txapeldunak. Dena den, egia da hamar urteko eten moduko bat egon zela, orain berrogeitaka urte dituzten eta 32 urtetik beherakoen aizkolarien artean. Baina, tira, orain etorkizuna ziurtatuta dago; gazte asko gabiltza hor».

Abuztuan hasi zen prestatzen, Urrezko Koparen ondoren. Makina bat enbor erdibitu du, astean bi edo hiru saio, luzera ezberdinetakoak. «Ordainsariekin ez da errentagarria», azaldu du, baina udan erakusketa eta abarrekin amortizatzea espero du. Ohi denez, txapeldunari apustu eta desafio hotsak agertu zaizkio inguruan, baina ez du presarik. «Ez dut eskaintzarik jaso eta nik ez dut botako. Noiz edo noiz probatu nahiko nuke, zer den jakiteko, baina lasai nago. Udaberrian izan daiteke, edo hiru urte barru».

Athleticzale porrokatua da, eta hasiak dira San Mamesen ohorezko sakea egin dezala eskatzen. Izan ere, aspaldian Bizkaian final ia guztiak galdu dituzte: Athleticenak, Bilbo Basketenak, Berasaluze II.ak, Aretxabaletak... «Denak ez!», defendatu du lurraldea. «Asteburu honetan ere Euskal Herriko Gazta Txapelketa Zeanurira joan da. Asteburu bakarrean bi txapel ekarri ditugu Arratiara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.