IRITZIA

Ez adiorik, Manex!

Zazpiribai taldeko kideak; tartean, Peio Ospital —zutik, hirugarrena eskuinetik— eta Manex Pagola —lehena eskuinetik—.
Zazpiribai taldeko kideak; tartean, Peio Ospital —zutik, hirugarrena eskuinetik— eta Manex Pagola —lehena eskuinetik—. BERRIA

Peio Ospital - Kantaria

2018ko ekainak 8
Joan zaigu Landibarreko erresiñoleta, «amodioz beterik... berro sasietarik» hainbat kanta kantatu eta sortu dituena! Joan zaigu Manex Pagola! Eta hau erratearekin, sendimentuak nahastu egiten zaizkit: aldi berean pena eta esker ona.

Alde batetik, pena, lagun hurbileko bat galtzen denean sentitzen den urradura. Eta nire lehen gogoetak doazkie Martxelin haren emazteari (edo bikotekideari) eta Maite eta Ramuntxo alaba-semeei. Ematen du Manex joatearekin nitarik zerbait ere berarekin badihoala...

Eta esker ona, bestetik. Eskerrak Manexi eman digun guztiagatik! Gure herriari eman duen guztiagatik! Manex izan da, dudarik gabe, gure belaunaldiko kantugile emankorrenetariko bat. Eta Pantxoarekin izan dugu Manexen kantuak kantatzeko zorion paregabea.

Hitz laburretan agertu beharko banu haren jenioa, erran nezake Manexek bazuela (gutik bezala) etxeko eguneroko hizkuntza arruntari indar poetikoa emateko gaitasun eta dohain berezia. Hortik dator, nire ustez, Manexen kantuen arrakasta. Manexen kantuek dute xinpletasun eta soiltasunaren freskotasuna eta aberastasuna. Hortan datza arrakasta.

Manexek Kontserbatorioa egin zuen Elizetxeko familiaren babesean eta Landibarreko elizako aulkietan. Hor ikasi hizkuntza eta hartu hezkuntzatik sortu ditu bere kantuak.

Kantuaren bidez tratatu ditu Manexek gure herriak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan bizi zituen arazo nagusiak: hizkuntzaren galtzea, langabezia, erbeste ekonomikoa... Eta aldi berean esperantza eta itxaropena ere bai: «Ulitxak lehoia aurtiko du!». Molde horretan parte hartu izan du Manexek Ipar Euskal Herriko pizkunde kulturalean. Aitzindaria eta bide berrien urratzailea izan da arlo horretan: Zazpiribai, Ortziken... ikuskizunak antolatzen bultzatzailea izan zen. Beste batzuek aipatuko dute haren ibilbide politikoa.

Horrez gain, Manex gizon eta lagun guztiz atsegina zen, konpainiakoa. Lagunartekotasuna izan da haren bertute ezaugarrienetariko bat. Manexek ez du inoiz jakin zer den gorrotoa edo hisia. Ezin zen berarekin haserretu edo samurtu, desadostasunak izanik ere. Umore handiko gizona ere bazen, ezin ahantzizkoak dira harekin bizi izan ditugun hainbat anekdota...

Eta esker ona azkenik Biziari! Bizi Indarrari! Manex eman duelako gure herriari eta berarekin bizitzeko zoriona eman digulako!

Eta joan bada erresiñoleta, gure artean bizirik segituko du urte eta hamarkada luzeetan bere kantuen bidez!

Ez adiorik, Manex !

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna