Telesailak

Sexua, hezkuntza eta terapia

Netflixen 'Sex Education' komedia berriak harrera beroa izan du; nerabeen sexu hastapenak kontatzen ditu, institutu giroan

Sexutik harago, hezkuntza gaiak ere lantzen ditu telesailak. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Otis, 16 urteko mutil gaztea, birjina da, eta fobia dio masturbatzeari. Ama, berriz, sexologoa du, eta etxean du klinika. Han entzundakoekin hasiko da Otis, institutuko beste bi lagunekin, ikaskideen artean sexu gomendioak ematen.

2019. urtea abiatu besterik ez da egin, baina Sex Education hasi da jada urteko telesail seinalatuen zerrendetan nagusitzen. Kritikak eta publikoak aho batez goratu dute nerabezaroko esnatze sexuala oinarri hartuta gazteen kezka eta desioei erreparatzen dien istorioa.

Komedia fresko eta erakargarria da, askorentzat nostalgikoa ere bai, oroimenean iltzaturiko une seinalatuetara itzultzeko balio dezakeelako. Dena den, narraziorako ausardia da telesailaren bertute nagusia: tabuak hautsi, sexuaren inguruan erreparorik gabe hitz egin, txantxa garratz bezain gozagarriak bota, eta ikuslea berehala hasiko da barre algaraka.

Gidoilariek elkarrizketa inspiratuak baliatu, eta adimenez harilkatu dituzte nerabeen unean uneko bihurrikeriak eta guraso eta irakasleekin komentatzea kostatzen zaizkien pasadizo deserosoak. Institutuko giroa bera, ikasleen arteko tirabirak eta haien eguneroko jarduna modu natural eta zintzoan islatu dituzte, eta unibertso propio eta bereizgarri bat eraiki dute.

Batez ere, Sex Education erraz ikusteko eta gozatzeko telesaila da, ihesbide eta arnasgune. Eta, horretan, erantzukizun handia du nerabezaroa iruditara eramateko orduan telesaileko arduradunek lehenetsi duten mezu positibo eta bizigarriak.

Baina dramarik ere ez da faltako, istorioaren erdialdetik aurrera, bereziki. Abortua, homosexualen aurkako erasoak, autoritatea eta eskola porrota...: orduan hasten da saioa, sexutik harago, hezkuntza bere osotasunean hartu eta alor delikatuagoak esploratzen. Helduen unibertsoan ere murgiltzen da, Gillian Anderson aktore beteranoak fintasunez antzezturiko ama sexologoaren eskutik.

Alde horretatik, telesailak aparteko lana egin du pertsonaiei forma emateko garaian: gazte edo heldu, protagonista edo bigarren mailako, pertsonaia oro xehetasun interesgarriz aberastu, eta istorio koral orekatua osatu du Laurie Nunn sortzaileak. Izan ere, esanguratsua da sexualitatearen gaia jorratzen duen kontakizuneko arduradun nagusia emakumezko bat izatea. Bestelako diskurtso eta joerak ere badirela azaleratzeko balio du horrek, urte luzez normalduriko kode hegemonikoetatik urrun.

Netflixek jada baieztatu du bigarren denboraldia egingo duela, eta zabalik utzi ditu narraziorako joko handia eman ditzaketen bideak. Estreinako arrakastaren ostean, istorioaren koherentzia mantentzea eta errepikapenean ez erortzea izango du erronka nagusi streaming kateak. Ekoizpen berrien uholdea etengabea den honetan, ez litzateke harritzekoa izango Sex Education nahikoa ez zaintzeagatik maldan behera amildu den beste telesail bat gehiago izatea.

'SEX EDUCATION'

Sortzailea: Laurie Nunn.

Aktoreak: Asa Butterfield, Gillian Anderson, Emma Mackey, Ncuti Gatwa, Connor Swindells, Alistair Petrie, Kedar Williams-Stirling.

Herrialdea: Erresuma Batua.

Urtea: 2019.

Non ikusi: Netflix.

Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.

Generoa: Komedia. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.