Telesailak

Irri egin iluntasunean ere

Ricky Gervais komediagile britainiarrak 'After Life' telesail laburra plazaratu du, bere ibilbideko lanik dramatikoena eta pertsonalena

Gervais da telesaileko protagonista, emaztea galdu berri duen gizona. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
2001. urtean The Office plazaratu zuenetik, Ricky Gervais komediarekin lotu izan da. Enpresa bateko salmenta bulegoan lan egiten zuen taldearen inguruko erretratua kultuzko telesail bilakatu zen mundu zabalean, eta Gervais bera, sortzaile ez ezik aktore ere izanik, umore garratzaren ikur bilakatu zen.

Geroztik, bide berari eutsi dio, eta hamaika proiektutan parte hartu du, telebistan, zineman, bakarrizketetan edota bideo jokoetan. Orain arte, ordea, ez zuen After Life lan berriaren tankerako istorio ilun eta hotzik sortu. Komedia du oinarri Netflix streaming bidezko katearentzat osatu duen sei ataleko saio laburrak, baina inguruan dituen gaiak oso bestelakoak dira. Emaztea galdu berri du Gervais protagonista helduak. Heriotza horrek depresioa eragingo dio, eta, horren ondorioz, jarrera zinikoa hartuko du bere egunerokoan. Lankideak eta lagunak behin alaia zen gizonaren tristuraz ohartuko dira, baina bere erantzun gogorrak ez dira lagungarri izango egoerari buelta emateko.

Gainera, emaztearen heriotzak muga orori desafio egitera bultzatuko du Gervais, eta zalantzan jarriko ditu ordura arte normaltzat zituen gizarte kodeak, inguruan duen oro ernegatzeraino. Ohiko komedien aldean, beraz, kontrastea ez da soilik narratiboa, baita formala ere. Bere ibilbidean, Gervaisek tartea egin izan die istorio dramatikoei ere, baina oraingoan pauso bat harago joan da, eta girotze zein argazki lanak ilundu ditu. Txiste eta une komikoz osaturiko istorioetatik barreak soilik une jakin batzuetan eragiten dituen narrazio estilo batera igaro da. Dena den, azpimarratzekoa da giro hotz horretan ere Gervais gai izan dela ikusleari barre algarak eragiteko.

Esan daiteke, beraz, lan berria Gervaisen obrarik pertsonal eta intimoena dela, erakusten duelako denbora luzez modu berean jokatu ostean bat-bateko aldaketa batek eraginda krisi betean erortzen den pertsona. Azken batean, gizarteak Gervais komediarekin lotu izan du beti, eta txantxak egiten eta gizon zoriontsu gisa ikusi du. Baina itxura horren atzean ezkutatzen da benetako pertsona, gizaki ororen antzera, barne mamuei aurre egin behar diena.

Hari fin horri tiraka, telesailak aurrez aurre izango du amildegian behera erortzeko arriskua ere. Komediaren eta dramaren arteko nahasketak ikuslea nahas lezake batzuetan, zer egin jakin gabe: barre edo negar. Halako jokoek sortzailearen eta hartzailearen arteko dinamika aberastu ohi dute batzuetan, baina oraingo honetan ez dio aparteko onurarik ekarri telesailari. Dena den, bereziki estimatzekoa da sortzaile ingelesak oreka horren bila egin duen zintzotasun ariketa. Bere burua biluzi du, eta gogoeta luzatu, halako lan intimoaren ostean zer modutan emango ote dion segida ibilbide profesionalari.

Gervaisek autoerreferentzialtasuna apurtu eta sormena freskatzearen aldeko apustua egin du batez ere After Life telesailean. Gizakion alde hauskorrenean sakondu du, bertan ere irri egiteko tarterik badela aldarrikatzeko.

'AFTER LIFE'

Sortzailea: Ricky Gervais.

Aktoreak: Ricky Gervais, Jo Hartley, Tony Way, Ashley Jensen, Tom Basden, David Bradley, Rosine Conaty.

Herrialdea: Erresuma Batua.

Urtea: 2019.

Non ikusi: Netflix.

Atal bakoitzaren iraupena: 30 minutu.

Generoa: Komedia. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.