Telesailak

'Breaking Bad'-en mitoak irentsi ezin duena

'El Camino' filmak jarraipena eman dio Vince Gilliganen telesail goratuaren unibertsoari

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Kritikak eta publikoak aho batez goratua izan da, eta telesailen olinpoan bidea egiten hasi zen duela hamarkada bat Breaking Bad. Vince Gilliganen bost denboraldiko istorio borobilak bitan irabazi zuen telesail onenaren Emmy saria. Ostera, Better Call Saul saioak jarraipena eman zion. Saul Goodman abokatuaren pertsonaia erdigune hartuta, ez zen imitazio soil izan, eta Breaking Bad-en unibertsoa aberastu zuen, distantzia hartuta, askotariko azpigeruza narratiboen bitartez.

Azken hori oraindik amaierara iritsi ez den honetan, Gilliganek fronte berri bat ireki du, kasu honetan film formatuan eta Walter White protagonista mitikoaren bidelagun izan zen Jesse Pinkman ardatz hartuta. Heisenbergen agurraren osteko munduan girotua dago, eta trauma sakona gainditu ezinik dabilen Pinkman erakutsi digu istorioak. Formari dagokionez, lehen eszenatik bertatik nabaritzen da kutsu zinematografiko ezin pertsonalagoa. Telesailen munduan ezohikoa den estiloaren alde egin du El Camino-k. Elkarrizketa gutxi eta gatazka psikologikoa indar handiz islatzen duten irudiak, protagonistaren barne anabasari kontrajartzen zaizkion ordenaren elementuak, Polizia eta gailu mekanikoak, esaterako. Hautua argia da: film baten aurrean gaude.

Horrez gain, Breaking Bad-ekin identifikatu izan ditugun beste hainbat elementu ere berreskuratu ditu Gilliganek. Time-lapse teknika bereizgarria, tarantula sinbolikoa, Heisenbergen azken agurraren oihartzuna mantentzen duten planoak... baita Pinkmanen beraren bizitzan eragin erabakigarria izan zuten bi figuraren ezusteko agerpen ederra ere.

Iparra galduta, noraezean dabilen protagonista, bere bizitzaren kontrola berreskuratzen ahaleginduko da. Eta, horretarako, iraganera itzultzea beste aukerarik ez du izango. Ildo horri tiraka, gogoeta esanguratsua plazaratzen du filmak: zenbateraino ote gara gai iraganean arrasto sakona utzi diguten jokaeretatik erabat aldentzeko? Gai horiek esploratzerakoan, Aaron Paulen lana loratu da bereziki. Breaking Bad amaitu zenetik telesailen munduan erreferentziazko figura bilakatu den aktore estatubatuarrak interpretazio lan txukuna egin, eta Pinkmanek egoerari buelta eman ahala proiektatu du bere baitan emozioen abaniko zabala.

Alor ez horren positiboen artean nagusitzen da thriller konbentzionalera jotzeko joera. Narratiba gehiegi baldintzatu du Gilliganek generoaren kodeetara, eta, gainera, fokua erabat Pinkmanengan jarri izanak konplexutasuna kendu dio iraganean argi-ilunez eta askotariko ahotsez beterik egon ohi zen unibertsoari. Azken batean, pertsonaia protagonistak El Camino-n zehar gainditu beharreko oztopoa bat eta bakarra da. Zergatik jo zuri-beltzera, askotariko kolore dramatikoak landu beharrean?

Akaso Vince Gilligan sortzailea ez da horren trebea film idazle gisara, akaso hoberen egiten duena egiten jarraitu behar luke: telesailak.

'EL CAMINO: A BREAKING BAD MOVIE'

Sortzailea: Vince Gilligan

Aktoreak: Aaron Paul, Matt Jones, Jonathan Banks, Charles Baker, Larry Hankin.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2019.

Non ikusi: Netflix.

Filmaren iraupena: 120 minutu.

Generoa: Drama. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.