Telesailak

Fedea, itxaropen eta terrore

'Midnight Mass' telesailarekin itzuli da Mike Flanagan, 'The Haunting' sagaren eta 'The Shining' klasikoaren sekuelaren sortzailea

EIKE SCHROTER / NETFLIX.
Mikel Yarza Artola.
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Uharte txiki bakartu bat, itsasoari loturiko komunitatea. Deigarria da Mike Flanagan sortzaile estatubatuarrak Midnight Mass telesail berrian hartu duen zeharbidea. Kritika eta publikoaren gorespena eragin zuten Hill House eta Bly Manor etxe sorginduetako istorioek, eta Flanaganen autorezko zigilua ezagun egin zen mundu zabalean.

Orain, zuzendariak unibertso hori alboratu eta bestelako paisaia bat besarkatu du, kostaldeari, portuari eta erlijioari hertsiki loturikoa. Pauso horren bidez, Flanaganek atea ireki dio bestelako izu bati, txakur baten zaunkak edo itsasertzean hilik agerturiko ehunka katuk bizilagunen artean eragin dezaketen mesfidantzari. Gizarte dimentsio handiagoa duen beldurrezko istorio baten aldeko apustua egin du, eta, alde horretatik, HBOk joan den urtean plazaraturiko The Third Day ekar lezake gogora lan berri horrek.

Flanaganek Stanley Kubricken The Shining klasikoari jarraipena eman zion Doctor Sleep filmarekin, eta hor erakutsitakoa errepikatu du orain arte osaturiko hiru telesailetan. Pertsonaiak dira haren obraren ardatza; karakterizazio xehatuek eta protagonisten iraganeko mamuek blaitzen dute pantaila. Midnight Mass nobedadean, minutu mordoa arriskatu ditu pertsonaiak su geldoan aurkezteko, eta hori da, ziurrenik, kontakizunaren bekatu kapitala. Tentsioa sortu nahi duen istorio bat izaki, lehen atal bareek ikusle andana uxa litzakete, are gehiago telesail berriak abiada bizian eskaini eta kontsumitzen diren garai honetan.

Istorio eta pertsonaia berriak izan arren, zaleek berehala ezagutuko dituzte pantailan ageri diren aurpegiak, Flanaganen aurreko proiektuetan parte hartu duten aktoreak baitira. Sakratutasuna da haien iparrorratza, eta telesailak misterioa areagotu du herrira heldu den apaiz berriaren figura baliatuta. Uhartera asmo ilunekin iritsi dela dirudi sarritan, baina bizilagunen artean zirrara eragitea lortuko du, mirariak direla medio.

Gizakien eta fedearen argi-ilunak azpimarratu nahi izan ditu Flanaganek telesail berri honetan, eta, horretarako, dualismoa indartu du alor formalean. Egunez baketsua dirudien portuko ingurune heze eta eguzkitsua itogarri bilakatuko da gau trumoitsua heltzerakoan, eta klimarekin batera eraldatuko da uharteko bizilagunen nortasuna ere.

The Haunting sagako telesailen aldean, Midnight Mass generozko kodeetatik aldenduriko egitasmo bigunagoa dela esan liteke. Istorioa thriller zantzuak dituen drama bat da, eta ez horrenbeste beldurrezko kontakizun klasiko bat. Nolabait, sortzaile estatubatuarrak askatasun handiagoz jokatu nahi izan du oraingo honetan, etxe sorginduen formatutik kanpo aritzeak irekitzen dizkion bide narratiboak esploratzeko.

Mike Flanagan izen propio bilakatu da egungo beldurrezko generoan, eta ikusteko dago bere autoretza nola eta norantz bideratuko duen etorkizuneko proiektuetan. Gauza bat ziurra da: jarraitzaile andana adi-adi izango ditu, hurrengo izualdiaren zain.

'MIDNIGHT MASS '
Sortzaileak: Mike Flanagan.
Aktoreak: Hamish Linklater, Kate Siegel, Zach Gilford, Samantha Sloyan, Henry Thomas.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Izua. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.