Telesailak

Itsasgizonen handinahia eta kalamitatea

Andrew Haigh zuzendari britainiarrak 'The North Water' telesaila plazaratu du, Artikoa esploratu zuten balea ehiztarien inguruko istorioa

THE NORTH WATER.
Mikel Yarza Artola.
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
1909 da urte mugarria. Duela mende eskas aldarrikatu zuen gizon zuriak historian lehenengoz Ipar Polora heldu izana. Aurrez, espedizio mordoa hondoratu ziren Artikoa esploratzeko ahaleginean. Ordura arte, balea ehizan itsasoratzen zen ontzi andana, eta horietako baten gainbehera eraman du fikziora The North Water telesailak.

Britainia Handiko armadako mediku bat da istorioko protagonista, porrot egin duena. Espedizio berri batean sartuko da iraganeko mamu pertsonalengandik ihesi, eta bertan topatuko du bere balioak hankaz gora jarriko dituen hiltzaile gupidagabe bat. Funtsean, gizakiaren bi dimentsioren arteko talka jorratzen du istorioak, arrazionaltasunaren eta basakeriaren arteko talka, zientziaren eta sinesmenaren artekoa.

Andrew Haigh zinemagile ingelesak gidatu du BBCren bost ataleko proiektua. Telebistarako egin duen lehena da, baina azken bi hamarkadak pantaila luzeari begira eman ditu. Lehenik, muntatzaile modura aritu zen Gladiator eta Black Hawk Down Hollywoodeko ekoizpen ezagunetan; ostera, zuzendari gisa Berlinen eta Venezian sarituriko 45 Years eta Lean on Pete filmetan. Oraingoan, Ian McGuire idazle britainiarraren izen bereko nobela egokitu du telesail formatura, eta hasieratik aktoreen eta pertsonaien lanketan metatu ditu indarrak.

Colin Farrell aktore irlandar entzutetsua da tripulazioko balea ehiztaririk trebeena, eta sekulako interpretazioa eskaini du Henry Drax bilauaren rolean. McGuirek idatzi historikoak hartu zituen oinarri Artikora nabigatu zuten gizonen bizipenak fikziozko nobela batean txertatzeko, eta espiritu horri eutsi dio Haighek ere ikus-entzunezko egokitzapen honetan.

Formari zein edukiari dagokionez, The North Water nobedadeak antzekotasun handiak ditu 2018an AMC Estatu Batuetako kateak estreinaturiko The Terror telesailarekin. Horrek ere Britainia Handiko armadaren XIX. mendeko ontzi baten gainbehera kontatu zuen; zehazki, Ipar-mendebaldeko igarobidean kateatuta geratu zen espediziorena. Bien artean, ordea, bada ezberdintasunik: ekoizpen amerikarrak ikusleak segituan korapilatu eta ito nahi izan zituen iluntasunean; britainiarrak, berriz, poloetako giro izoztua erritmo geldoagoan hedatzearen aldeko apustua egin du.

Hasieran, balea ehiza arriskutsua da istorioaren tentsio iturri nagusia, eta haren ondotik helduko dira tripulazioko kideen arteko mesfidantza, akusazio gurutzatuak, gezurrak eta traizioak. Esploratzaileen inguruko narrazio klasikoei tiraka azpimarratu dute sortzaileek giza handinahiaren eskutik etor litezkeela zorigaitza eta galbidea.

Fikziozko pertsonaien espiritua goretsi nahian, sortzaileei ere ez zaie ausardiarik falta izan, eta filmaketa prozesuan marka sonatu bat hautsi dute: lantaldeak 81 gradu bidaiatu zuen iparraldera, Norvegiako Svalbard artxipelagora, noraezean dabiltzan izotz zatien eszenak filmatzeko. Telesail dramatizatu bat ez da sekula horren iparraldera filmatu.

'THE NORTH WATER'
Sortzaileak: Andrew Haigh.
Aktoreak: Jack O'Connell, Colin Farrell, Gary Lamont, Peter Mullan, Tom Courtenay, Ipeelie Ootoova, Gerry Lynch, Eliza Butterworth.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Movistar Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama. Abentura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.