Telesailak

Zahartzaroaren ikusmira hauskorra

Samuel L. Jackson aktoreak bizitzaren akaberan dagoen adineko gizon baten rola jokatu du 'The Last Days of Ptolemy Grey' telesailean. Dementzia, bakardadea eta maitasun falta lantzen ditu telesailak

APPLE TV PLUS.
Mikel Yarza Artola.
2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Badira Hollywoodeko izarrentzat propio egindako telesailak, pantailan ageri den aurpegi ezagunari dena zor dioten lanak. Horietako bat da The Last Days of Ptolemy Grey. Samuel L. Jackson aktore estatubatuar beteranoa da protagonista, buru osasuna galtzen ari den 91 urteko gizon baten larruan. Bakarrik bizi da, hankaz gora eta traste zaharrez beteta dagoen etxe batean. Senideek eta lagunek aspaldi ahaztu zuten, eta nerabe umezurtz bat da gizona zaintzen duen bakarra.

Dementzia, bakardadea eta maitasun falta dira sei ataleko telesail labur honen ardatz tematiko nagusietako batzuk. Sortzaileek goitik behera biluztu dute protagonista, eta Jackson bete-betean sartu da kontakizunean: pertsonaiaz jabetu da. Gizon edadetu bat noraezean. Aktore entzutetsuak fin interpretatu du pertsonaiaren ezintasuna, eta ikusleei haren pentsamenduak eta erreakzioak modu zuzenean gerturatu dizkie, euren larruazalean senti dezaten nahasmen sentsoriala, ukimenaren, ikusmenaren, entzumenaren zein oroimenaren bitartez.

Dena den, protagonistaren begirada ez da istorio honetako bakarra. Haren inguruko pertsonaiak ere esanguratsuak dira, eta telesaileko zuzendariek ahalik eta gehien zukutu dituzte, gizarte bazterkeriari erreparatzen dion istorioa aberaste aldera. Etxe barneko eszena lasaiak dira nagusi, baina badira kaleko istilu bortitzak ere, eta pasarte horietan nabarmendu da zuzendari taldearen abilezia teknikoa.

Telesaila Ramin Bahranik gidatu du. irandar jatorriko zinemagile horrek eraberritu zuen pantaila handirako Ray Bradburyren Farenheit 451 distopia klasikoa, eta, oraingo honetan, polizia istorioetan trebaturiko Walter Mosley nobelagile goratuaren lan bat hartu du gidoirako oinarri.

Bat-batean, dementziari eta alzheimerrari aurre egiteko tratamendu berritzaileak kontakizunaren erdigunera igaroko dira, eta une horretan agertuko da pantailan Walton Goggins (The Shield, Sons of Anarchy, Justified), azken bi hamarkadetako telesailgintzan kultuzko bilakatu diren aktoreetako bat. Istorioaren erritmoa geldoa da, Jacksonek antzezten duen pertsonaiaren bihotz taupaden tankerakoa, eta The Father filma ekar lezake gogora, Anthony Hopkinsi bere ibilbideko bigarren Oscarra eman zion 2020ko proiektua. Telesailak hainbat erreferentzia egin dizkio komunitate beltzaren eta esklabotzaren iruditeria urte luzez Hollywooden eraiki duten fikzioei ere.

Telesailaren sinbologiari erreparatuz gero, nabarmentzekoa da Ptolemy izenaren oihartzun historikoa. Klaudio Ptolomeo egiptoar jatorriko geografo, astronomo eta matematikaria izan zen, jakituriaz beteriko gizona, antzinako Erroman. Haren ezagutza bezala desagertu zen telesail honetako protagonistaren oroimena, eta, nolabait, sortzaileak ondareari eta memoria kolektiboari buruzko gogoeta sustatu nahi du kontzeptu horien bitartez.

Hurrengo astean, 94. Oscar sariakbanatuko dituzte, eta, alfonbra gorria zeharkatu ostean, Jacksonek ohorezko garaikurra jasoko du ibilbide osoko aitortza gisa. Sustapen ezin hobea daThe Last Days of Ptolemy Grey telesail apalarentzat.

'THE LAST DAYS OF PTOLEMY GREY'
Sortzaileak: Ramin Bahrani, Walter Mosley.
Aktoreak: Samuel L. Jackson, Dominique Fishback, Omar Benson Miller, Walton Goggins, Cynthia McWilliams.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Apple TV Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.