Telesaialk

Aske zara aukeratzeko... ala ez?

Ikuslea istorioaren partaide bilakatu du 'Black Mirror' telesailak, emanaldi interaktibo berrian

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2019ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Zure abentura propioa aukeratu. Izen hori zuen 1979an estreinakoz AEBetan plazaratu eta, ostera, formatu berbera imitatuz, mundu zabaleko liburuzale gaztetxoen etxeetara iritsi zen nobela sortak. Istorioko pertsonaia protagonistaren patua gidatu eta orrialdeetan zehar aurrera eta atzera ibiltzeko aukera zabaldu zuen narrazio eredu horrek. Bada, ideia hori egunerokoan beti eskura dauden pantailetara eraman du orain Netflixek.

Haur-saioetarako probak egin ostean, helduentzako interakziozko lehen proposamena garatu eta plazaratu du streaming zerbitzuak, eta Black Mirror da horretarako aukera zezakeen telesailik aproposena. Izan ere, azken horrek aparteko sona eskuratu du gizakiek teknologiaz egin ohi duten erabileraren inguruko kontakizun kritikoak bilduz.

Channel 4 Erresuma Batuko kateak zabaldutako lehen bi denboraldiek Charlie Brookerren obra kultuzko telesail bihurtu zuten. Netflixek saioaren eskubideak erosi zituenean, berriz, ospearen gailurra jo eta ekoizpen kopurua zein abiadura bikoiztu zituen. Hiruna atalez osaturiko lehen bi denboraldiak borobiltzeko, sei urte igaro zituen Brookerrek; bi urte, aldiz, Netflix aroko hamabi atalak osatzeko. Abiada biziak eraginda, telesaila agortze seinaleak ematen hasia zen, eta, alde horretatik, freskotasuna ekarri du teknologia kontrolatu nahian burua galtzen duen bideo joko sortzaile gaztearen inguruko Bandersnatch emanaldi berriak.

Are gehiago, telesailak aurrerapauso esanguratsu bat eman du alor kontzeptualean. Teknologiaren erabilpenaren inguruko istorio kritiko sorta zen orain arte Black Mirror; atal berriaren bitartez, ordea, ikuslea bera barneratu du bete-betean teknologiaren zurrunbiloan. Itxuraz, hartzaileak aukera dezake filmeko protagonista bide batetik edo bestetik gidatu; horren arabera iraungo ditu istorioak 40 minutu edo 150, eta ezagutuko ditu ikusleak narrazioaren arku ezberdinak. Baina, sakonean, Brookerrek ilusiozko kontrolaren amaraunean harrapatu ditu telesailaren jarraitzaileak. Protagonistaren bizitzarekin jolasean aritzetik, berak nahieran diseinaturiko istorioaren mesedetara jardutera eraman ditu. Funtsean, horixe da emanaldi berriaren mezurik interesgarriena, baita telesailak jatorrizko nortasuna mantendu izanaren bermea ere.

Abentura berri honetan, Charlie Brooker sortzaileak alboan izan du Hannibal eta American Gods saioetako hainbat atalen zuzendari gisara estilo propioa findu duen David Slade bideogile britainiarra. Guztira, bost ordutik gorako materiala errodatu dute Brookerrek eta Sladek, askotariko aldaeraz osaturiko film interaktiboa posible izan zedin.

Ezin ahaztu Steven Soderbergh zinegile beteranoak 2018an bertan berrikuntzaren bideari eutsi ziola Mosaic telesailaren bitartez. Hartan, saioaren ikusle estatubatuarrek aukera izan zuten kontakizuna pertsonaia baten baino gehiagoren begietatik hauteman eta, hartara, argitu gabeko hilketa istorioaren sei ataletan detektibearen rola jokatzeko. Black Mirror, ordea, gai izan da kontzeptua pauso bat harago eraman eta ikus-entzunezko narratibaren jokalekua betiko aldatzeko. Telesail ekoizleen tronuaren etorkizuneko lehia... interaktiboa izango ote?

'BLACK MIRROR: BANDERSNATCH'

Sortzaileak: Charlie Brooker, David Slade.

Aktoreak: Fionn Whitehead, Will Poulter, Craig Parkinson, Alice Lowe, Asim Chaudhray, A. J. Houghton, Fleur Keith.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2019.

Non ikusi: Netflix.

Atal bakoitzaren iraupena:40-150 minutu.

Generoa: Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.