Telesailak

Aro luze baten amaiera

'Modern Family' telesailaren agurreko atal bikoitza emango dute datorren asteazkenean

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Hamaika denboraldiren ostean, agur esango du betiko. Datorren asteazkenean eskainiko ditu Modern Family telesailak bere historiako azken minutuak. 250 atal filmatuta eta 22 Emmy irabazita, umorearen ikono bilakatu da saio estatubatuar hori, XXI. mendeko sitcom estiloko telesailen ikurra.

Adineko gizonaren emazte latino gaztea, bikote homosexuala, adoptaturiko neska vietnamdarra... 2009. urtearen hastapenetan, Levitan eta Lloyd sortzaileek komedia kode tradizionalak hautsi, eta familia eredu modernoa eraman zuten mainstream kulturaren erdigunera. 2010eko hamarkadan, ordea, telesail andanak aberastu du harremanen eta identitate sexualaren mapa; ordura arte itzalean egondako ereduak argitara ekarri, eztabaidaren ertzak zabaldu, eta Modern Family, hein batean, zaharkiturik geratu arte.

Haien ondorioz, sitcom entzutetsua kultura konbentzionalaren parte bilakatu da, eta horrek gogoeta bikoitza zabal dezake: batetik, telesailak erakutsi du sistemak normaldu egin dituela luzaroan bazterreko ziren familia eta gizarte kode batzuk. Baina, aldi berean, agerian utzi du hori ez dela nahikoa, eta narrazio are marjinal eta gordinagoen pantailaratzea bultzatu du. Tartean, Girls, Transparent, Sex Education eta Euphoria dramatikoak. Modern Family kameleoi gisa egokitu da garai aldakor honetara, familiaren inguruko gogoeta argitsuak plazaratu, eta ildo narratibo berriak ere barneratu ditu.

Baina telesailaren indargune nagusia umorea izan da. Horrek mantendu du horrenbeste denboran ur gainean, hondoratzeko arriskurik gabe. Protagonisten ahulguneak azpimarratu ditu hainbat eszena aldrebesetan, eta horien eskutik heldu dira une komiko gogoangarrienak. ABC kateko saioak pertsonaien baldarkeriak eta fobia ezkutuak aldarrikatu ditu, konplexurik gabe, eta horren bidez lortu du mundu zabaleko ikusleengana gerturatzea.

Azken txanpan sartu ahala, telesail estatubatuarrak arreta handiz erreparatu dio gurasotasunari; izan ere, belaunaldiz belaunaldi igaro da ardura hori kontakizuneko senide protagonisten artean. Sitcom sonatuak gurasotasuna defendatu du familiako kontzeptu bateratzaile modura, elkar ulertze eraberritu batera heltzeko tresna balitz bezala. Telesailak, ordea, ez du pertsonaia bakar baten ahotan jarri haurrak izatearen aurkako jarrera espliziturik, ezta gurasotasunak zer zailtasun ekar ditzakeen ere klase ertain-altuko familietatik beherakoentzat.

Amaierako atal bikoitza ate joka dagoen honetan, flashback-en esparruan ere barneratu da Modern Family. Telesailaren hastapenei eta une barregarri ikonikoei egin die erreferentzia. Halakoak berreskuratzea izan ohi da sortzaile askok istorioa borobiltzeko erabili ohi duten baliabidea, baina ez dirudi komedia estatubatuarraren azken agurra nostalgia ariketa bat izango denik.

Umorearen eta dramaren arteko balantza maisutasunez orekatu du telesailak, hogei minutuko atal laburren formatuari zuku guztia atera dio, eta ikuslea protagonisten abenturetan murgildu du, oso modu arin eta entretenigarrian. Jay, Gloria, Claire, Phil, Mitchell, Cameron, Alex, Manny... pertsonaia kuttunen arteko bizikidetzari azken puntua jarriko dio Modern Family-k ordu gutxi barru. Iraupen luzeko komediazko telesailen azkena izango da, aro baten amaiera.

'MODERN FAMILY'
Sortzaileak: Steven Levitan, Christopher Lloyd.
Aktoreak: Ed O'Neill, Sofia Vergara, Julie Bowen, Ty Burrell, Jesse Tyler Ferguson.
Herrialdea: AEB. Urtea: 2020.
Non ikusi: Fox, Movistar+.
Atal bakoitzaren iraupena: 20 minutu.
Generoa: Komedia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.