Telesailak

Errusiar menditik estepa lehorrera

'Euphoria' telesailaren Gabonetako bi atal berezien arteko lehena plazaratu dute

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Estreinatu eta berehala, 2019ko telesailik esanguratsuenetako bat bilakatu zen Euphoria. HBOk A24 ekoiztetxearekin telebistarako lankidetzan osaturiko fikziozko lehen proiektua izan zen. Zazpi urteko ibilbidean, A24 izen propio bilakatu da AEBetako zinema independentean, eta haren aterkipean topatu du babesa film esanguratsu andanak: Spring Breakers, Ex Machina, The Lobster, Moonlight, The Lighthouse... Ehun izenerainokoa da zerrenda.

Euphoria gazteen artean izan zen batez ere arrakastatsu; izan ere, bi nerabe dira telesailaren ardatz. Laguntasuna, sexualitatea, droga eta indarkeria esploratzen dituzte Rue eta Jules neskato protagonistek. Sortzaileak ausardia eta askatasun handiz aritu ziren formaren eta narrazioaren esparruetan, eta gogoeta mamitsu bat jarri zuten mahai gainean: izan al gaitezke pertsona baten adiktu?

Ideia horri tiraka osatu zituen telesailak zortzi atal koloretsu, eta bidea ireki zion sekula Emmy saria jaso duen aktorerik gazteenari. Disney Channel katean ezagun bilakaturiko Zendayak eskuratu zuen garaikurra. Telesailak errusiar mendi baten pareko bidaia emozionala jorratu zuen estreinako denboraldian, eta haren elementu giltzarriei segida eman nahian ondu ditu lehen sasoiaren eta bigarrenaren arteko zubi lanak egingo dituzten bi atal.

Horien artean lehena plazaratu berri du HBOk, bi protagonisten esnatze harmoniatsu bateko irudietatik abiatuta. Itxurazko egunsenti idiliko horren atzean, ordea, bada argi-ilunik. Telesailak, berehala, errepideko motel batera egingo du jauzi, Rue protagonistaren bihotz goibelera. Drogetatik aldendu eta laguna berreskuratu nahian dabil bera, eta, ezinbestean, tonu malenkoniatsuak zipriztintzen du atala.

Sentipenen putzu horretan, ordea, hanka hondoraino sartu dute telesaileko gidariek. Ataleko pertsonaiak Rue eta adikzioa gainditzeko aholkuak ematen dizkion gizona dira; haien arteko jatetxe giroko elkarrizketa, berriz, gertakari bakarra. 60 minutuko solasaldi batek askorako eman dezake eta, Gatazkak ez dira betiko goiburupean, mami handitxoko gaiak jarri dituzte aktoreen ahotan, tartean historia, arrazakeria, kapitalismoa, iraultza eta askatasuna.

Sam Levinson sortzaileak zuzendu eta idatzi du atala, eta asko arriskatu du. Errusiar mendi zena estepa lehor bilakatu du. Erregistro aldaketa erraldoia da, hein batean originala ere bai, baina, azkenerako, luze eta astuna. Nobedade hori pandemia betean filmatu dute, eta hori ere kontuan izateko modukoa da. Testuinguru horretan, arbolak emandako fruitu bakanak baliatu nahi izan dituzte, baina horiek berehala geratu dira zukurik gabe.

Kontaketak ez du dinamismorik, eta, tarteka, droga menpekotasunaren aurkako publirreportaje bat dirudi. Gainera, irratsaio baten moduan entzun liteke. Izan ere, eszena bat salbu, atalak ez du aparteko ekarpenik egin alor formalean.

Atal berezi horretan egindako apustu narratiboa urtarrilean ulertu ahal izango da osorik, bigarren zatia ikusitakoan. Itxarotea besterik ez dago erabateko denbora galtzea izan ote den ala ez argitzeko.

'EUPHORIA'
Sortzailea: Sam Levinson.
Aktoreak: Zendaya, Colman Domingo, Hunter Schafer, Marsha Gambles.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2020.
Non ikusi: HBO.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.