Telesailak

Iparraldeko jainkoen epaia

'Vikings' telesailak agur esan du, seigarren denboraldiko azken hamar atalak eman ostean

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Hemen da Ragnarok, heldu da bele beltzaren azken hegaldia. Zortzi urte eta 89 atalen ostean, amaierara iritsi da Vikings. 2010eko hamarkadako telesailik ezagunenetako bat izan da, eta pixkanaka desagertzen ari den iraupen luzeko formatuaren ordezkari ere bai.

Ragnar Lodbrok heroiaren urratsekin hasi, eta ikusleek urtez urte jarraitu dute haren semeek segitutako bidea. Orain, aro hori itxi du Michael Hirst sortzaileak, azken hamar ataletan bikingoen historia, mitologia eta ondarea modu sinbolikoan borobilduz.

Nolanahi ere, sei denboraldiko bidea gorabeheratsua izan da. Telesailaren distira ez da heldu lehen mailako antzezpenei, elkarrizketei edota pertsonaien esker. Sarritan behar baino gutxiago garaturiko ildo narratibo errepikakorrak eta jauzi dramatiko handiegiak izan dira kontakizunaren ardatza.

Saioaren iraupena ere eztabaidagai izan da maiz. Hamar ataleko denboraldiekin hasi zen, eta hogeikoetara igaro zen ondoren, arrakasta komertzialak bultzatuta. Baina Ragnarrekin batera amildu zen narrazioa, eta azken txanpara aparteko zirrararik gabe heldu da, tamaina horretako telebista agurrek sortu ohi duten oihartzunetik urrun.

Dena den, bikingoen fikziozko abenturek ikusmina sortu izan dute mundu zabaleko jarraitzaileen artean. Euren kultura, espiritualtasuna eta gizarte kodeak errepasatu ditu telesailak, eta aurrez aurrekoan loratu da batez ere, paganoak eta kristauak parez pare jarri dituenean. Europaren norabidea eta hegemonia kulturala jokoan zeuden Erdi Aroko garaia marraztu du Vikings telesailak, eta bulkada horien inguruan girotu ikus-entzunezko lana, borroka basatienetatik erritu mistikoetaraino.

Urteotan zehar, Hirstek eta haren lantaldeak hainbat gairen inguruko gogoeta jorratu dute, hala nola kolonialismoaren sustraiak, emakumeen askatasuna, patua eta heriotza. Pasarte gogoangarri andana ere ondu dituzte, tartean, Odolezko Arranoaren zigorra, Parisko setioa edota Ragnarren sugez beteriko hobia.

Basakeria nagusi izan dira telesail osoan zehar, eta horri loturikoa da saioak jorratu duen beste gai nagusietako bat: gizakiak indarkeriarako eta gatazkak sortzeko duen joera. Odin eta Jesukristoren arteko norgehiagokari testuinguru historikoa eman diote kontakizunaren gidariek, eta gogorarazi dute erromatarrak ere behinola paganoak izan zirela.

Game of Thrones-en handitasunera iritsi gabe, telesailaren azken denboraldiak inoizko ikusgarrienak izan dira, Metro Goldwyn Mayer ekoiztetxe erraldoiaren eskutik. Baina entretenimenduzko saio soilik ez, funtsean, Vikings dibulgaziorako tresna ere bilakatu da historia eta erlijio alorretan. Horren erakusle da History Channel telebista kateak proiektua sorreratik babestu izana.

2013an sortu zuten Vikings telesaila, eta bi urte lehenago abiatu zuen Marvelek Thor jainko eskandinaviarraren inguruko lau filmeko saga. Pasa den hamarkadako fikzioan, bikingoak pantaila txikian zein handian izan dira nagusi, eta datozen urteetan ere ez dira bertatik desagertuko. Ragnarren sendia atzean utzita, Michael Hirst sortzailea Valhalla jarraipena prestatzen ari da Netflixerako. Bikingoen Aroaren akabera bilduko du bertan.

'VIKINGS'
Sortzailea: Michael Hirst.
Aktoreak: Alexander Ludwig, Alex Hogh Andersen, Gustaf Skarsgard, Georgia Hirst, Danila Kozlovsky.
Herrialdeak: Irlanda, Kanada.
Urtea: 2020.
Non ikusi: TNT.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.