Telesailak

Agur, jauna, gizon zuriari

Britainia Handiko komunitate beltza fikziora eraman du Steve McQueen Oscar saridunak, 'Small Axe' antologiazko telesailean

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Zuhaitz handia bazarete, gu aizkora txikia gara», zioen Bob Marleyk 1973ko Small Axe kantuan. Izen horixe du Steve McQueen zinemagile britainiarraren estreinako telesailak. Hunger, Shame, Widows... eta 12 Years a Slave. Iraupen luzeko lau film nahikoa izan ditu McQueenek nazioarteko zuzendari garaikide interesgarrienetako bat bilakatzeko. Azken lan horrekin eskuratu zuen film onenaren Oscar saria, baina pauso bat harago joan da Small Axe nobedadean. Goitik behera idatzi eta zuzendu du, afrikar izatea eta identitatea ardatz hartuta.

Londresen girotu du telesaila: bost ataletan zatitu du, hiru hamarkadako denbora tartea esploratu, eta benetako gertakariak fikzioan islatu. Bost atal horiek bost film gisa ere uler daitezke; izan ere, McQueenek erritmo, formatu eta iraupen ezberdinetara egokitu du narrazioa. Esaterako, lehen piezak bi orduko iraupena du; hirugarrenak, 80 minutukoa; eta tartekoek, ordubetez gaindikoa. Gauza bat bistan da: Small Axe ez da telebistarako lan konbentzional bat.

Lehen atala: Mangrove. Notting Hill auzoa, gentrifikazio aurreko garaia. Bederatzi aktibista beltz epaitegietara eraman zituzten kalean protesta martxa bat antolatzeagatik; zergatia: Londresko Poliziak komunitate beltzaren aurka erabilitako indarkeria salatzea. Monkey Man abesti klasikoaren ska eta reggae erritmoan, McQueenek pantailara eraman ditu Polizia agenteen etengabeko sarekadak eta Pantera Beltzen mugimendu britainiarra, justiziaren inguruko gogoeta osatuz.

Bigarrena: Lovers Rock. Arraza segregazioaren ondorioz, gazte beltzek hiriko diskoteka eta klubetatik urrun antolatu zituzten festak, sound system propioetan. Musika eta dantza atal horren bihotzean daude, eta ikuslea gau giroko desira, zalantza, bulkada eta izerdi artean murgil liteke, McQueenen lanari esker. Eszena bakoitza maisuki zuzendu du, eta zentzumenen ametsezko bidaia horretan ere bada errealitate kolpe gordinik, matxismoa eta arrazismoa direla medio.

Hirugarrena: Red, White & Blue. Su geldoan garatua, telesaileko atalik sendoena da. Arrazoiak, bi: John Boyega aktore protagonistaren lehen mailako antzezpena eta McQueenek sentipenik ezkutukoenak azaleratzeko duen gaitasuna. Poliziak bananduriko aita baten eta semearen arteko istorioa da, baina baita segurtasun indarren parte izan nahi duen gazte beltz batek sufritzen duen diskriminazioaren ingurukoa ere.

Laugarrena: Alex Wheatle. Kartzelaren eta gizarte zerbitzuen girotik abiatuta nobelagile arrakastatsu izatea lortu duen gazte baten bizitza errepasatzen du. Bidean, hainbat gai handi: kultura afrikarraren sustraiak, Mendebaldeko gizartea eta Babylon, aktibismoa... atalik kulturalena da honako hau eta, tamalez, baita makalena ere.

Bosgarrena: Education. «Berdin dio zeinen gogor saiatzen diren: sistemak porrot egin dezala nahi du». Hezkuntzan atzeratu izendatu zuten mutiko beltz bat da ataleko protagonista, eta McQueenek haren pausoei segika borobildu du garai bateko komunitate beltz britainiarraren erradiografia. Azken txanpan, mezu itxaropentsu bat ere utzi du: egiturazko zapalkuntzak indarrean dirauen arren, ezer ez da betirako.

'SMALL AXE'
Sortzaileak:Steve McQueen.
Aktoreak: Letitia Wright, Amarah-Jae St. Aubyn, John Boyega, Sheyi Cole, Tamara Lawrance.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Movistar Plus.
Atalen batez besteko iraupena: 80 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.