Telesailak

Amodiozko gutuna metropoliari

Martin Scorsesek New Yorki buruzko zazpi ataleko dokusail bat osatu du, Fran Lebowitz idazleari egindako elkarrizketetan oinarrituta

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Zer da New York? Hiri bat, sentimendu bat ala ilusio bat? Galdera horri tiraka itzuli da Martin Scorsese pantaila txikira. Italiar jatorriko zinemagilea New Yorken jaio, hazi eta bizitakoa da. Ia 80 urte eman ditu han, eta AEBetako metropoli ikonikoa ardatz hartuta ondu du bere filmografia.

Mean Streets, Taxi Driver, New York, New York, Goodfellas, Gangs of New York... izugarri luzea da Scorsesek bihotzeko hirian grabatu, girotu eta hilezkortu dituen filmen zerrenda. Azkenaldian, fikziozko New York ez ezik errealitatekoa ere eraman du pantailara, eta metropolia goitik behera ezagutzen duen Fran Lebowitz idazlearekin batera egin zuen bide horretan lehen urratsa.

2010ean Public Speaking dokumentalean bildu zituen Scorsesek Lebowitzekin jendaurrean izandako solasaldiak, eta, modu batean, lan horren segida da Pretend It's a City nobedadea. Pertsona berberarekin modu pribatuan elkartu eta New York berrikusi du hamarkada bat geroago, umore garratzez beteriko ordu erdiko zazpi ataletan.

Lebowitzen azalpen lotsagabeen bidez, telesailak metropoli ezaguneko kokalekurik adierazgarrienak eta haien bilakaera errepasatu ditu, postaleko irudietatik harago. Hain justu, hori da Scorseseren dokumentaleko bertute nagusietako bat. Barne begirada bat da, New York mende erdiz eraldatzen ikusi duen emakumearen lekukotzekin jositako kontakizuna.

Taxiak, jatetxeak, antzokiak, kirola, etxebizitzen negozioa, arkitektura, tabakoa... eta liburuak. 12.000 liburutik gora, bere apartamentu pertsonalean. Emakume newyorktarrak ez dauka ordenagailurik, ezta sakelako telefonorik ere. Hiriko ekosistema kulturala bertatik bertara ezagutu du, egunez zein gauez, baina nahiago izan du bere denbora orrialde artean pasatu.

Politika, feminismoa, natura eta artifizioa... Lebowitzek hamaika gairen inguruan hitz egin izan du publikoki. Komunikatzaile aparta da; bizipen andana ditu oroimenean iltzatuta, eta baita umorerako abilezia ere. Horri esker, telesailak espiritu bizigarria du. Pandemia aurretik filmatu zuen Scorsesek, eta nabari da orduko sugarra.

Lebowitzen pasioa geroz eta agerikoagoa bilakatuko da minutuek aurrera egin ahala, baina hori bera izango da, azkenerako, telesailaren ahulgunea. Hizlari bakarrera mugatuta, Scorsesek uko egin dio New Yorken begirada multidimentsionalari eta, gainera, idazlearen ospeak eta egoak indar handiegia dute narrazioan.

Telesailak metropoli ikusgarriari egiten dio erreferentzia behin eta berriz, baina ez dago klase ezberdintasunari eskainitako irudirik edota adierazpenik. Gizarte arrakalaren ondorioz bazterrean bizi direnak ez dira existitzen Pretend It's a City dokusailean.

Kontuak kontu, urrats interesgarri bat gehiago da Martin Scorseseren sei hamarkadako filmografian. Egungo munduak iraganekotik zenbat duen hausnartu nahi du autore beteranoak, New York aitzakia hartuta. Silence eta The Irishman azken lanak ere norabide berean jorratu zituen, eta, hein batean, bere buruaz ere ari da aro honetan. Izan ere, dagoeneko gertuago du ibilbide profesionalaren amaiera, hasiera baino.

'PRETEND IT'S A CITY'
Sortzailea: Martin Scorsese.
Aktoreak: Fran Lebowitz, Martin Scorsese, Alec Baldwin, Spike Lee, Olivia Wilde.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Netflix.
Atalen batez besteko iraupena: 30 minutu.
Generoa: dokumentala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.