Telesailak

Zorigaitzeko dei baten esperoan

Apple TV Plus plataformak audioa ardatz duen telesail esperimental bat estreinatu du, irudi minimalistak baliatuta

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Ahotsak, uhinak eta koloreak: Calls telesailak ez du besterik behar lehen mailako thriller bat osatzeko. Pandemiaren fruitu da, errodaje jendetsuak ia ezinezko bilakatu diren garaian plazaraturiko proiektu berritzaile bat.

Bederatzi istorio indibidualek osatzen dute lana, eta atal guztiek gauza bat dute komunean: telefono deiak. Pikutara joateko zorian dauden harremanen erretratu dira elkarrizketa horiek. Pixkanaka, ordea, telefonoaren alde banatara gatazkan dauden pertsonak ohartzen hasiko dira oraina ez dela gauza berbera denentzat: iraganetik hitz egingo dio maitale batek besteari; etorkizunetik, berriz, semeak amari.

Multibertsoa eta dimentsioen arteko komunikazioa dira telesailak jorratu dituen kontzeptu nagusietako bi, eta hezur-haragizko irudirik gabe egin du apustu arriskatu hori. Lurra jotzera doan hegazkin bat, festa batean hildako emakume bat, etxe atarian tiroka hasten den gizonezko bat... Muturreko egoeretan giroturiko elkarrizketak bildu dituzte sortzaileek telefono deien bidez, eta ikusleari leiho bat ireki diote, irudimenaren unibertso zabalean hegan egin dezan. Audioa da narraziorako tresna nagusia, eta, horri esker, telesaila oso ezberdina izan liteke hartzaile bakoitzarentzat.

Telefono bidezko elkarrizketekin batera, uhinak eraldatuz doaz pantaila beltzaren gainean, baita euren formak eta koloreak ere. Publikoarentzat, parekorik ez duen ikus-entzunezko esperientzia bat da hau. Hogei minututik behera irauten dute telesailaren bederatzi atalek, eta gidoia da euren indargune nagusia. Hasieratik harrapatzen du ikuslea eta aztoratzen ditu haren zentzumenak. Sortzaileek trebezia narratiboa baliatu, eta publikoa giza saminaren zurrunbiloan sartzen dute bete-betean; ez diote uzten hortik ihes egiten.

AEBetako Gimlet Media podcast konpainiak osaturiko Homecoming saioa etorriko zaie burura tankera honetako lanak ezagutzen dituztenei. Amazonek telebistarako egokitu zuen jatorriz irratirako egindako proiektu hori. Calls telesailaren kasuan, ordea, bada ñabardura esanguratsu bat: haren abiapuntua ez da audioa, irudia baizik. 2017an Canal Plus telebista kate frantziarrerako onduriko izen bereko lanaren egokitzapena da Apple TV Plus plataformak estreinatu berri duen nobedadea. Hori bai, moldaketa estatubatuarrak oihartzun handiagoa izango du; izan ere, Hollywoodeko izar sonatuak daude istorioari ahotsa jarri dioten aktoreen artean: besteak beste, Pedro Pascal, Rosario Dawson, Mark Duplass eta Aubrey Plaza.

Hesi ikusezin batek banatzen ditu Calls-eko pertsonaiak. Publikoak entzun bakarrik egiten ditu, eta eurak ere fisikoki aldenduta daude: ezin dute elkar ikusi edo ukitu. Horrek nabarmen areagotzen du narrazioaren tentsioa eta ezinegona, eta ikusleari sentsazio bat helarazten dio indar handiz: badator hondamendia.

Errealitateko zorigaitzekin nahikoa ez, eta fikzioan ere hondamendiei tiraka ari dira azken hilabeteotan hainbat sortzaile. Hau, ordea, zorigaitz zirraragarria da, ikus-entzunezko narrazioen legeak apurtzen dituen lan berritzaile ororen aurrean sentitzen denaren modukoa.

'CALLS'
Sortzaileak: Timothee Hochet, Fede Alvarez.
Aktoreak: Pedro Pascal, Rosario Dawson, Mark Duplass, Aubrey Plaza, Nick Jonas.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Apple TV+.
Atal bakoitzaren iraupena: 20 minutu.
Generoa: Drama. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.