Telesailak

Kolorearen izugarrikeria

Amazonek 'Them' beldurrezko telesaila estreinatu du , antologia formatuan, arrazismoa ardatz hartuta. 1950eko hamarkadan kokatuta dago

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Ziurrenik, beldurrezko generoak islatzen du modurik fidelenean komunitate beltzak historian zehar pairatu duen zapalkuntza. Azken urteetan, ugaritu egin dira estilo horretan arrazismoa ardatz duten fikzioak, eta azpimarratzeko moduko bi dira Jordan Peele zuzendari estatubatuarraren Us eta Get Out filmak; gidoirik onenaren Oscar saria eskuratu zuen azken honekin.

Mugimendu horren barnean koka liteke Them, Amazonek estreinatu berri duen antologiazko telesaila. AEBen zutabe arrazistak esploratuko ditu, amaiera propioa duten denboraldi indibidualen bidez, beldurrezko generoa oinarri hartuta. 1950eko hamarkadan girotuta, Covenant izena du hamar ataleko lehen emanaldiak, eta Emory familia da protagonista. Ipar Carolinako landagunea atzean utzi, eta zuri dirudunak nagusi diren Los Angelesko auzo batera aldatu du sendiak bizilekua. Bertan, bikoteak eta bi alabek aurre egin beharko diote hainbat izugarrikeriari, euren bizitza suntsitu nahi duten egiazko zein fantasiazko indarrei.

Little Marvin da proiektu honetako arduradun nagusia, ikus-entzunezko estreinako lana du honako hau, eta hasieratik azpimarratu ditu amets amerikarraren oinarri ustela. Los Angelesko bizileku berrira iristean, izoztuta geratzeko moduko harrera egin diote bertako bizilagun zuriek Emory familiari. Auzora iritsi bezain pronto, bizilagunen gorrotozko begirada mesfidatiak sentitu dituzte.

Irudiak sentipenen zerbitzura jarri ditu sortzaile taldeak, eta lanketa formalak aparteko garrantzia hartu du giro berezi hori ikusleei helarazteko garaian. Zuzendariek beldurrezko generoaren konbentzioak eta bertuteak baliatu dituzte, eta arkitektura artistiko propioa eraiki. Leihoak, itzalak, ispiluak... elementu bakoitzak balio du istorioari tonu, erritmo eta nortasun pertsonala emateko.

Narrazioari dagokionez, dinamismoz beteriko gidoia findu dute, eta etxe barnean zein kanpoan harrapatuta bizi den familiaren itolarriak hamaika aurpegi izan ditzakeela ilustratu. Hitchcocken oihartzunik ere bada, thrillerra gailurrera heldu den eszena jakinetan.

Landaguneko segregaziotik hiriguneko amaraun instituzionaleraino, telesailak lortu du ikusleak arrazismoaren izua erraietan sentitzea. Familia beltz protagonistak jasandako gehiegikeriak muturrera eraman eta une oso bortitzak islatu ditu iruditan. Horietako batzuk iltzatuta gera litezke ikusleen oroimenean.

Gainera, zapalkuntzaren askotariko ertzak marraztu ditu, eta sendi afro-amerikarraren sufrimenduarekin batera bildu du istorioan pribilegioen garretan harrapatuta bizi diren pertsonen samina. Osotasunean zuri-beltzean filmaturiko flashback atal berezi bat eta Nina Simoneren musika dira ikus-entzunezko proposamen hori are interesgarriago egiten duten beste elementu batzuk.

Them arrazismoaren inguruan orain arte eginiko fikziozko proiekturik interesgarrienetako bat da, eta American Horror Story telesailaren oinordekoa bilaka liteke. Beldurrezko generoa, antologiazko formatua eta irudi estilizatuak partekatzen dituzte, funtsean proposamen oso ezberdinak diren arren. Ikuskizun dago ea olatu mediatikoan behar bezala igeri egiteko gai izango ote diren.

'THEM: COVENANT'
Sortzaileak: Little Marvin.
Aktoreak: Deborah Ayorinde, Ashley Thomas, Melody Hurd, Christopher Heyerdal, Alison Pill.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Amazon Prime.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Izua. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.