Telesailak

Poliziaren moral bikotzean itota

Martin Freeman aktore ezagunak gauez lan egiten duen polizia agente gatazkatsu baten rola antzeztu du 'The Responder' telesailean

MOVISTAR PLUS.
Mikel Yarza Artola.
2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
«Beste astebetez, gaueko txandan nago, eta senti dezaket: hautsi egingo naiz». Esaldi horrekin abiatzen da The Responder telesaila, psikologoaren kontsultan. BBCk estreinatu du Erresuma Batuan eta Movistar Plusek Hego Euskal Herrian. Martin Freeman da istorio horretako protagonista, Chis polizia agentearen larruazalean. Freeman ezaguna da The Office eta Sherlock telesailetan egindako lanagatik, baita The Hobbit filmen trilogiagatik ere.

Telesaila Tony Schumacherren estreinakoa da, Liverpooleko polizia agente ohia da bera, eta bizipen profesionalekin zein pertsonalekin josi du fikziozko lehen lana. Horrek sekulako sinesgarritasuna eman dio proiektuari, are gehiago, alboan eduki dituen lankideak kontuan izanik. Narrazioa ikus-entzunezko duin bilakatzeaz arduratu dira Peaky Blinders, The Terror eta Legion telesailetan arituriko zuzendariak.

Chrisek Liverpooleko Tramp Attack musika taldearen erritmora patruilatzen du hiri mehatxaria. Plano zenitalak, autoak sutan, gazte oldarkorrak... eta polizia agentearen aurpegi nekatua. Larrialdi dei guztiak erantzuten ditu, emaztearenak izan ezik. Eguna familiarekin ematen du, baina senideen arteko harremana Chrisen irribarrea bezain hotza da. Krisi betean dago, antsietateak jota eta errutinak itota. Egoera hori irauli nahian, etxegabeak laguntzen ahalegintzen da. Gaueroko bidaide dira eta ondo ezagutzen dute elkar, baina tratu ilunak egiten eta muturreko indarkeria erabiltzen amaitzen dute, gehiegitan.

Lanaldiko ordu hiletan, berriz, Chrisek bere beharrik oinarrizkoenak asetzen ditu modu praktikoan. Tabakoa eta pilulak lapurtzen dizkio hilik topatu berri duen emakumeari, eta haren egongelan itxaroten du forentsearen etorrera, kafea hartzen eta telebista ikusten. Chrisek bere kode pertsonala du, nahiago du bakarka lan egin eta bere jardunean lurrikara eragingo du emakumezko agente beltz eta gazte baten etorrerak. Sentipenen zurrunbilo hori islatzeko, zuzendariek lan aparta egin dute alor teknikoan. Soinu zorrotzak eta irudi desenfokatuak erabili dituzte.

Iluntasuna da nagusi, baina umore beltzak argiz zipriztindu du kontakizuna, arnasa eman dio drama gordinari. Izan ere, polizia gizatiartzea da telesailaren helburuetako bat, azpimarratzea autoritatezko plakaren atzean argi-ilunez beteriko pertsona bat dagoela. Mezu hori zabaltzeko artista ezin hobea da Freeman, irismen handiko aktorea eta halako rol bortitz batean sekula aritu gabekoa. Negar malkotan ikusi daiteke, sufritzen, ama zahar egoitzan bisitatzen... pertsonaiaren ertz guztiak ukitzen.

Polizia operazio bat amaitu berritan, koadro batek bereganatu du bere arreta. John Wayne ageri da bertan, Hollywoodeko western klasikoetako cowboy ezagunenetako bat, eskopeta eskuan duela. Chrisek fikziozko zaindari ikonikoari erreparatzen dio pentsakor: «Zuzen jokatzen ari ote naiz? Zerk ezberdintzen nau jazartzen ditudan kriminalengandik?». Erantzun errazik ez duten galderez josita dago The Responder telesailaren amarauna.

'THE RESPONDER'
Sortzailea: Tony Schumacher. Aktoreak: Martin Freeman, Philip Barantini, Ian Hart, Faye McKeever, Adelayo Adedayo. Herrialdea: Erresuma Batua. Urtea: 2022. Non ikusi: Movistar Plus. Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu. Generoa: drama eta krimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.