Telesailak

Krisi existentzialaren bihotzean

Estreinako telesaila plazaratu du Alex Garlandek, 'Ex Machina' eta 'Annihilation' filmen sortzaileak

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
28 Days Later filma izan zen Alex Garlanden debuta Hollywoodeko industrian. Gidoia idatzi zuen kontakizun apokaliktiko horretarako; denboraren poderioz, kultuzko film bilakatu da, eta pertsona askok buruan izango dute mundu mailan psikosia nagusitu den honetan. Baina ez, telesailen atal honetan ez da koronabirusari buruz hitz egingo. Hamarkada bat geroago egin zuen jauzi Garlandek zuzendaritzara: zientzia fikziozko Ex Machina eta Annihilation filmak gidatu ditu 2014tik hona, eta erakutsi du ahots propioa duela sortzaile gisara, autorezkoa dela bere ekarpena.

Adierazgarria da azken film horren kasua; izan ere, AEBetako Paramount estudio erraldoiak 50 milioi dolarreko aurrekontua bideratu zuen filmera, baina AEBetako zinema aretoetan harrera apala izan eta gero, ez zuen nazioartean estreinatu. Filma konplikatuegia eta intelektualegia zela argudiatuta, Netflix izan zen produktua munduko gainerako herrialdeetako ikus-entzuleengana helarazteko bidea.

Orain, Garlandek HBOrekin batu ditu indarrak, telebistarako estreinako lana askatasun osoz plazaratzeko. Paradoxa moduko bat da: estudio handiek sortzaile britainiarraren lanak baztertu dituzte publiko orokorrarentzat aproposak ez direla iritzita, baina, azkenean, bere obrak streaming bidezko plataformetan amaitu du, egun publiko orokorraren topagune bilakatu diren plataforma horietan.

Devs da Garlanden nobedadea, zientzia fikzioa eta thrillerra uztartzen dituen zortzi ataleko telesail laburra. Neska gazte bat da istorioko protagonista. Mutil lagunaren desagerpenak kezkatuta, informatika enpresa baten sekretuak ikertzen hasiko da, eta nazioarteko irismena duen konspirazio batean nahastuko da.

Esku bakarrez jositako soineko baten itxura du telesailak; izan ere, Garlandek sortu, idatzi eta zuzendu du oso-osorik. Gidoia da kontakizunaren oinarri nagusia, eta behin nobelagile izan zen autore ingelesak elkarrizketak baliatu ditu misterioz beteriko argumentua jorratzeko. Tartean pasarte onirikoak txertatu ditu; musika eta argazkia modu hipnotikoan erabiliz, ikuslea trantze tankerako sentsazio batean murgildu du. Giro astun eta ilun hori areagotzen dute pantailan ikusten diren elementu simetrikoek.

Telesailaren gidariak kontrasteei atera die zuku gehien; ingurune naturala eta gune teknologikoak etengabeko talkan erakutsi ditu, baina, aldi berean, baita harmonia perfektuan ere. Pantaila txikirako lanetan ezohikoak diren forma eta sinboloak baliatu ditu Garlandek horretarako.

Devs-en lehen ataletan, bi emari dramatiko nagusitu dira: batetik, unibertsoak funtzionatzeko duen eraren eta determinismoaren ingurukoa; bestetik, estatuaren eta erakunde sekretuen kontrol mekanismoekin loturikoa. Garlandek erronka jotzen dio ikusleari; ez dio irudi bakoitzaren esanahia mastekatuta eman nahi, eta gonbita egiten dio bidaia bere kabuz egin eta aberastu dezan. Sortzailearen eta hartzailearen arteko lotura estutzeko beste modu bat da honakoa, intimo eta sakonagoa, gaininformazioaren aroan gailendu den ereduaren oso bestelakoa.

'DEVS'
Sortzaileak: Alex Garland.
Aktoreak: Sonoya Mizuno, Nick Offerman, Alison Pill, Jin-ha Oh, Zach Grenier.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2020.
Non ikusi: HBO.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Zientzia fikzioa. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.