Telesailak

Zientzialari zoroaren abenturak

'Rick and Morty' animaziozko telesaila kultuzko bilakatu da, umorea eta zientzia fikzioa uztartuz
BERRIA

Ander Perez Zala -

2018ko ekainak 23
Hiru denboraldi estreinatu dituzte, hogei minutu inguruko 31 atal soilik, eta 2013tik dago pantaila txikian, baina Rick and Morty telesailak berehala lortu du ikusleen artean kultuzko bilakatzea, zientzia fikzioa eta umorea ezin hobeto uztartuz. Denboraldiz denboraldi, telesailaren maila handituz doa, eta gidoilariek aurrez aurkezturiko abenturak atalez atal hobetzea lortu dute. Besteak beste, Dan Harmon Community telesailaren sortzailea dago Netflixen animaziozko komedia ezagunaren atzean.

Rick zientzialari zoro bat da, alkoholikoa eta Mortyren aitona. Urte asko igaro ostean familia ikusi gabe, haiekin bizitzera itzuli da, eta lehenik bere iloba eta gero gainontzeko senideak eramango ditu unibertsoan zehar abentura zirraragarriak izatera. Mortyren familiaren ezegonkortasunarekin batera, bizitza berri horrek estutasun handia eragingo dio Mortyri, baina ez dio inoiz utziko aitonarekin bidaiatzeari. Telesailaren istorioak eta protagonisten arteko harremanak erreferentzia garbia egiten die Back to the future filmari eta bertako bi protagonista nagusiei, Doci eta Martyri.

Telesaila oso zoroa da, eta oso dibertigarria. Sona handia eta milaka jarraitzaile bereganatu ditu Netflixek estreinatu zuen lehen egunetik, zientzia fikzioaren parodia, kritika soziala, film ezagunen erreferentziak eta eguneroko keinuak uztartzen baititu, betiere gidoi arraro eta zentzugabe bati esker. Askorentzat, azken elementu horrek bilakatu du egungo animaziozko telesailik onena. Harmonek bere estiloa sortzea lortu du, estilo zuzena eta ia iragazkitik gabekoa; horregatik, auzi serio edo topikoak oinarri dituen arren, beti lortzen du ikuslea harritzea eta atalaren bukaera originala izatea. Zoramen horren artean, pare bat gai kritiko azaleratzeko tartea ere lortzen dute: indarkeria sexuala, arrazismoa, genozidioak eta beste hainbat gai lantzera ausartzen dela erakutsi du telesailak.

Alde iluna ere badu Rick and Morty-k, baina telesailak barre egiteko aukera ematen du alde ilun horrekin ere. Umorearen oinarrietako bat da arazorik gabe esatea askotan pentsatzera ausartzen ez dena. Pertsonaiak egoistak dira, harremanetarako arazoak dituzte, baina ikuslea ideia eta jokamolde batzuekin identifikatuta senti daiteke eta, egoera horiei esker, barre egin.

Hemezortzi hilabete pasatu ziren arren bigarren denboraldiaren amaieraren eta hirugarrenaren hasieraren artean, oraingoan Netflixek iragarri du azkarrago prestatuko dituela atal berriak. Joan den hilabetean jakinarazi zuen 70 atal berri estreinatuko dituela, orain arte estreinatua halako bi baino gehiago. Horrelako apustuak ez dira ohikoak telebistan, eta erabaki hori telesailak izan duen arrakastaren eta kalitatearen isla da. Ez dute iragarri, ordea, noiz egongo diren ikusteko moduan, eta zenbat denboralditan banatuko dituzten 70 atal horiek. Baliteke, beraz, itxaronaldia luzea izatea.

'RICK AND MORTY'

Sortzaileak: Dan Harmon eta Justin Roiland.

Aktoreak: Animazioa.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2013tik aurrera.

Non ikusi: Netflix eta TNT.

Atal bakoitzaren iraupena: 22 minutu.

Generoa: Umorea. Zientzia fikzioa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna