Garuneko labirintoa

David Fincherren 'Mindhunter' telesaila itzuli da, estreinaldiaren espiritu ilunari eutsiz

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Streaming bidezko plataformen zabalkundearen harira, izugarri egin du gora telesailen eskaintzak, eta zailago bihurtu da horrenbeste ekoizpenen artean kalitate gorena topatzea. Bada, Charlize Theronek eta David Fincherrek duela hamar urte martxan jarri eta 2017an Netflixen bidez pantaila txikira iritsi zen Mindhunter da harribitxi horietako bat.

1980ko hamarkadan Jokaeren Zientzia Unitatea sortu zuen FBIk, saileko hiltzaileen jokamoldea aztertu eta ulertzeko asmoz. Lantaldearen lehen pausoak esploratu zituen Mindhunter telesailak estreinako denboraldian, hain justu, unitate horretako sortzaile izan zen John E. Douglas agentearen izen bereko testigantza liburua oinarri hartuta. Bigarren denboraldian, telesailak hiltzaileen metodo eta motibazioak esploratzen jarraitu du zama psikologiko handiko elkarrizketen bitartez, baina atea ireki die joera introspektiboagoei ere. Modu batean, saioak ispilu gisara jardun eta azaleratu du zenbaterainoko eragina duten lan arloko nondik norakoek agente protagonisten bizitzetan, eta alderantziz.

Horrek balio izan dio telesailari bi norabidetan loratzeko. Batetik, eta bigarren denboraldiko hari nagusia izan den Atlantako hilketen auziari tiraka, erreparatu dio izatez aurrerakoi dirudien polizia jardunaren sustrai kontserbadoreari. Izan ere, metolodogia aplikatzeko garaian, agenteak ez ziren egon garaiko gizartearen inertzia arrazistetatik salbu. Bestetik, fokua protagonista nagusien barne gatazketan jarri, eta narraziorako adimen handiz bildu ditu pertsonaia bakoitzaren identitate edota familia krisiak.

Atalek aurrera egin ahala, kontakizunaren giroa are itogarriagoa bilakatu, eta gailurrera iritsi da Charles Mansonen elkarrizketarekin. Aktore lan paregabeari esker, errealitateko figurara izugarri gerturatu da telebista saioa, eta Mansonen diskurtso ideologikoaren funts aztoragarria ere fideltasunez islatu du.

Telesailak etengabe irakite puntuan egotearen sentsazioa helarazi dio ikusleari; izan ere, sekulakoa da istorioak denboraldi osoan mantendu duen indar dramatikoa eta hartzailearen erraietaraino iristeko gaitasuna. Gainera, askotariko geruzako istorioa izanik, etorkizunean erradiografia osatzen jarraitzeko ate asko geratu dira irekita, izan gizarte, politika zein psikologia alorrekin loturikoak.

Baina horrenbeste aukera eskura izateak badu eragozpenik ere. Esaterako, Holden Ford protagonistaren ahulezia psikologikoari ez diote jarraipenik eman, denboraldi hasieran elementu giltzarri gisara aurkeztu zuten arren. Uler liteke sortzaile taldeak oraingoan Forden lankide Bill Tench eta Wendy Forden arku dramatikoak aberastu nahi izana, baina ondorengo saioetan pertsonaia denek behar lukete pareko zeresana, narrazio globalaren mesedetan.

Alor narratiboan zein formalean hamaika aukera dituzte zabalik, eta Fincherrek adierazi izan du bost denboraldi osatzea dela bere plana. Netflixek, ordea, agerian utzi du telesail laburren aldeko joera, baita harrera beroa izan duten ekoizpen propio jakinak bertan behera uzteko eskrupulurik eza ere. Oraingoz, ez dute Mindhunter-en hirugarren denboraldirik baieztatu. Egungo telesailgintzako proposamenik interesgarrienetakoari ez diezazkiotela hegoak horren azkar ebaki, arren.

'MINDHUNTER'

Sortzaileak: Joe Penhall, David Fincher.

Aktoreak: Jonathan Groff, Holt McCallany, Anna Torv, Cotter Smith, Hannah Gross, Sonny Valicenti, Lauren Glazier, Phil Nardozzi.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2019.

Non ikusi: Netflix.

Atal bakoitzaren iraupena: 55 minutu.

Generoa: Drama. Thrillerra. Krimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.