Telesailak

Haurtzaroko fantasien zirrara

Irudimenaren unibertsorako bidaia, BBCk eta HBOk elkarlanean ondutako 'His Dark Materials' telesailaren eskutik

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Askotarikoa da egungo telesailen menua. Hurrena gertatuko denaren jakin-mina pizten dute batzuek; gizarte gai mamitsuei heldu eta gogoeta zein analisirako bidea ireki izan dute beste batzuek... bada entretenitzea beste helbururik ez duen ihesbide dibertigarririk ere. Baina ia denak dira istorio helduak, inozentziaren unibertso xaloa aspaldi utzi zutenen begietatik kontaturikoak.

Horregatik, aire fresko gisara heldu da His Dark Materials, Erresuma Batuko BBC telebista kate publikoak HBO kable bidezko kate estatubatuarrarekin elkarlanean osaturiko telesaila. Phillip Pullman nobelagile ingelesaren trilogia hartu du abiapuntutzat, eta hark paperean jasotako abenturen artean lehenak eraman dituzte pantailara.

Haur edo heldu, irakasle edota azti, kontakizuneko pertsonaia denek daramatzate euren alboan daemon izeneko fantasiazko izakiak. Animalia itxura dute, eta gizakien antzera komunikatzeko gaitasuna dute; baina, izatez, elementu sinboliko dira, bidelagun dituzten pertsonen nortasunaren proiekzio magikoa.

Erlijio kontzeptuek eta azken urteetako fantasiazko film sonatuei eginiko erreferentziek aberasten dute abentura eta magiaren arteko kutsua. Eta abenturazko espirituak gaitasuna du, hain justu, ikuslea haurtzaroko garaira goxotasunez garraiatzeko. Dena ezagutzeke, fantasiazko istorioetan murgildu, eta irudimena mugarik gabeko aktibatzea posible zeneko garai horretara.

Jack Thorn ingelesak gidaturiko telesaila ez da, ordea, nostalgia ariketa soila. Barnean ezkutatzen dira hainbat pertsonaia heldu eta ilun ere. Interes pertsonalak ase nahi dituzten norbanakoak dira gehienak, eta horrek zuzen-zuzenean egiten du talka haurren zorioneko munduarekin.

Kontraste dramatikoa iruditara eramatean loratu da bereziki telesailaren autorezko joera, nortasun artistiko propioa. Helduen unibertsoaren parte diren inguruneak erretratatzean nagusitu ohi da handitasun formala, haurren begien bidez jarraituriko istorioetan, aldiz, gihar narratiboa.

Baina analisi sinpleagoetara itzuliz, bereziki estimatzekoa da telesailaren entretenimendurako gaitasuna. Are gehiago urteen poderioz autorezko lanen aldeko joera erakutsi duen HBO kate ospetsua tartean izanda. Indarkeria, azpijokoak eta gogoeta mardulak nagusitu diren honetan, bestelako fikzio bat posible dela gogoratzeko balio du His Dark Materials lanaren telebistarako egokitzapenak.

Izan ere, horixe da lan horren beste bereizgarrietako bat: ez da hau Pullmanen jatorrizko literatura lana beste diziplina artistikoetara moldatu duten lehen aldia. The Golden Compass izenez eta aparteko arrakastarik gabe estreinatu zuten 2007an Chris Weitz zinemagileak zuzenduriko film luzea, Nicole Kidman eta Daniel Craig aktore entzutetsuak protagonista zituela. Aurrez, taula gainean eman zuten Londresko Royal National Theatre antzokian, baita uhinen bidez ere, 2004an lehenengoz, BBC Irratien eskutik.

Sortzaile gisara, Pullmanek beste bost istorio laburrez aberastu du oraingoz His Dark Materials unibertsoa, ikusteko dago zenbateko oihartzuna izango ote duten abentura horiek ikus-entzunezko lan berrietan eta haur zein helduen bihotzetan.

'HIS DARK MATERIALS'

Sortzailea: Jack Thorne.

Aktoreak: Dafne Keen, Ruth Wilson, James McAvoy, Clarke Peters, Anne-Marie Duff.

Herrialdea: Erresuma Batua.

Urtea: 2019.

Non ikusi: HBO.

Filmaren iraupena: 60 minutu.

Generoa: Drama. Fantasia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.