Telesailak

Bikingoen zeru-lurretako itzulera

Netflixek 'Vikings: Valhalla' sekuela estreinatu du, jatorrizko telesaila amaitu eta urtebetera. Ehun urte geroago girotu dute.

NETFLIX.
Mikel Yarza Artola.
2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Urtebete eskas igaro da Vikings telesailak agur esan zuenetik, eta, dagoeneko, Netflixek haren jarraipena plazaratu du. Valhalla izenburupean, AEBetako plataforma horrek leiho berri bat ireki du telesail ezagunaren unibertsoan. Oraingoan, Jeb Stuart zinemagile estatubatuarrak gidatu du, Die Hard akziozko film arrakastatsuaren gidoigileak. Kontakizunean ehun urteko jauzia egin, eta Bikingoen Aroaren amaieran girotu du. Pagano andana kristau bihurtu ziren ordu hartan, eta hori da telesailakaztertu dituen gai nagusietako bat: bikingoen arteko zatiketa eta bilakaera kulturala.

Valhalla telesailak askotariko keinuak egin dizkio Vikings aitzindariari. Pertsonaiek bihotzean daramatzate Ragnar Lodbrok heroia, Kattegat itsasartea eta Uppsalako tenplua. Gainera, sortzaileek bikingoen historiako figura esanguratsuak txertatu dituzte kontakizunean: tartean, Kanuto II.a Handia erregea eta Leif Erikson esploratzailea. Zale amorratuentzat ezagunak izango dira irudietan agertzen diren errituak, fiordoak, itsas bidaiak eta borroka odoltsuak.

Telesaila remake bat da, eta dena zor dio Michael Hirstek 2013an History Channel katean abiatu zuen proiektuari. Baina Valhalla ez da erreplika huts bat edo nostalgia ariketa soil bat, indar propioz sostengatzen den drama sendo bat baizik. Kontakizunaren estiloa zuzena da, entretenigarria, dinamikoa eta eraberritua. Horren adibide pertsonaia nagusietako bat: bortxatua izan dela frogatu nahian, inork sinesten ez duen emakumea.

Sinesmenik sakonena, ordea, bestelakoa da. Bikingoen espiritualtasunak pisu handia du telesail honetan ere, eta sortzaileek antzinako sinbologia nordikoz jantzi dute istorioa. Baina horiek ez dira bikingoen eta britaniarren arteko norgehiagoka honetako osagai mamitsu bakarrak. Gerra, politika, botere lehia, etsaien arteko itunak... halakorik ere ez da falta. Aktoreen lana da nabarmentzeko moduko beste kontuetako bat: pertsonaiak nortasunez bete eta sinesgarri egin dituzte. Hori lorpen handia da, kontuan izanik Vikings telesailak izugarrizko arrakasta eskuratu zuela eta ikusle askok istorio hau aurpegi eta iruditeria ikoniko jakin batekin lotzen duela.

Ragnar, Lagertha, Erik Gorria... Valhalla nobedadearen asmoa da iragana omentzea, sei denboraldiko telesailaren oihartzunak biltzea, eta, aldi berean, bidezidor dramatiko berriak urratzea. Vikings telesailak drama historikoa berpiztu zuen publiko orokorrarentzat, eta, itxura guztien arabera, bikingo zaleek aldaera berri hau izugarri gozatuko dute. Primerako entretenimendua sortu zuten, eta hori ez da makala.

Baina zerk egin du remake hau horren erakargarri? Baliabideen alorrean egon liteke sekretua. Netflixen aterkipean, ekoizpen honek koska bat egin du gora, eta aldea nabarmena da, esaterako, gerra eszenetan eta argazki lan estilizatuan. Eta agurrerako, gomendio bat: Myrkur artista danimarkarrak sarrerako kredituetarako sorturiko doinu gozoak dastatzea. Horixe izan liteke paradisurako sarbidea.

'VIKINGS: VALHALLA'
Sortzailea: Jeb Stuart.
Aktoreak: Sam Corlett, Frida Gustavsson, Johaness Haukur, Laura Berlin, Leo Suter.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: abenturazkoa, drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.