Telesailak

Iraultzailea isilarazi zutenen ordaina

Malcolm X Komunitate beltzeko lider giltzarriaren bizitza eta heriotza bildu dituzte sei ataleko dokumentalean

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
«Bertsio ofiziala ez da egia». Hitz horiekin abiatzen da Malcolm X aktibista historikoaren bizitza eta heriotza errepasatzen dituen telesail berria. Dokumentaleko sei ataletan bildu dute bere ibilbide politikoa, eskubide zibilen aldeko mugimenduan izan zuen eragina, Islamaren Nazioan izandako partaidetza liskartsua eta, azkenik, bere hilketa bultzatu zuten faktoreak.

Izan ere, 55 urte geroago, argitu gabeko heriotza da harena, oraindik. Malcolm X erailtzea leporatuta, hiru gizon espetxeratu zituzten, baina horietako bik euren errugabetasunari eutsi izan diote beti. Gizon iraultzailearekin loturarik estuena duten Harlem eta Newarkeko komunitateetan iritzi bat da nagusi: hilketaren epaia eta errealitatea ez ziren sekula bat etorri.

Martin Luther Kingek gidaturiko metodo baketsuen aldean, erradikalagoa izan zen Malcolm X. Beltzen komunitateak pairatzen zuen indarkeria sistematikoari indarkeriaz erantzutea zilegi zen, haren ustetan; eta egiturazko zapalkuntzaren aurkako mezu zuzen horiek bilakatu zuten aktibista deseroso gizarteko sektore eta erakunde askorentzat.

Malcolm X geroz eta figura esanguratsuago bilakatu zen Islamaren Nazioan, eta horrek inoiz baino gehiago nabarmendu zuen haren eta Elijah Muhammad gidari espiritualaren arteko arrakala. Azkenhori enpresa eta finantza negozioetako jendeaz inguratu ahala, lehena bazterrean geratu zen, Martin Luther King eta John F. Kennedyren aurkako mezuak gogortu ostean.

FBIk Malcolm X Mesias Beltza izendatu zuen, Nazio Beltza gidatu eta AEBen statuquo-a kolokan jar lezakeela iritzita. Inteligentzia agentziaren eta New Yorkeko poliziaren informanteak Islamaren Nazioaren aginte postuetaraino heldu ziren. Are gehiago, Malcolm Xren bizkarzain pertsonala ere NYPDren mesedetara aritu zen. Aktibista ezagunaren pauso bakoitza zelatatu zuten; ez, ordea, haren hilketa argitzeko ikerketa. Gertakari lazgarria baino egun batzuk lehenago, Malcolm Xen etxea bonbaz kiskali zuten arren, polizia agente bakar bat ere ez zen zaintza lanak egitera bertaratu New Yorkeko Audobom dantzalekura, hilketa jazo zen ekitaldi politikora. Hori gutxi balitz bezala, hilketari loturiko frogak dantzalekuan egon ziren hainbat urtez, hautsez beteta. Bizi osoa eman du dokumentaleko narratzaile Abdur-Rahman Muhammadek Malcom Xren heriotza ikertzen, eta hari horiei tiraka lortu du gertakari polemikoa eztabaida publikoaren lehen lerrora eramatea. Baita kasu horretako ikerketa berrabiarazteko aukera zabaltzea ere.

Sei ataleko dokumentalak aparteko balioa du, beltzen komunitatearen espiritua eta nortasun kulturala islatzen dituelako. Baita garaiko AEBetan arnasten zen giro soziopolitikoa ere. Eta, bereziki, erakusten duelako Malcolm Xk gizarteratu zituen postulatuek duela mende erdiko indar berbera dutela egun. Supremazismo zuriaren aurkako borroka zuzena defendatu eta azpimarratu zuen, arrazismoa Etxe Zurian soilik ez, AEBen osotasunean zegoela iltzaturik.

Amaiera aldera memoria historikoaren inguruko gogoeta ere plazaratzen du dokumentalak, agerian utziz komunitate beltzaren zati batek nahiago duela iraganeko zauri horiek behin betiko orbaindu. Eraldaketarako formula berriak esploratzeko unea da euren aburuz, betiere, erreferente izan zirenak isiltasunaren uretan ahantzi gabe.

'WHO KILLED MALCOLM X?'
Sortzaileak: Rachel Dretzin, Phil Bertelsen.
Pertsonak: Malcolm X, Elijah Muhammad, Abdur-Rahman Muhammad, Muhammad Ali, Gene Roberts.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Dokumentala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.