Gobernu berria. Frantzian Konfiantza mozioa. Claude Larrieu. Oldartuko kidea

«Eskuina baino urrunago doa Vallsen bigarren gobernua »

Oldartu kolektiboak Valls II gobernamendu berriaren ildo politikoa gaitzetsi du. Bere burua ezkertiartzat daukan alderdi batek langileen eskubideak errespetatu beharko lituzkeela dio, eta ez enpresariena

SYLVAIN SENCRISTO.
Baiona
2014ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Oldartu kolektiboa Ipar Euskal Herriko ezkerreko eragile batzuk biltzen dituen talde bat da. Haren barruan daude, besteak beste, LAB, ELB eta Solidaires sindikatuak, eta AB, Sortu eta NPA alderdi politikoak. NPAko kidea da Claude Larrieu (Angelu, 1946). Oso haserre azaldu da Frantziako Gobernuaren «politika antisozialaz».

Zergatik diozue politika «antisoziala» dela?

Ez da salaketa berria. Lehenago boterean izan diren gobernuek ere politika antisoziala eraman dute. Azkenaldian, adibidez, bizpahiru neurri oso larri hartu dira: 2014ko urtarrilean, hiru sindikaturen eta patronalaren artean, kanporaketak ahalbidetu dituen erabaki bat hartu zuten. Horreksoldatak jaisteko posibilitatea eman zuen, baita langilegoaren mugikortasuna areagotu enpresa barruan. Ondoren, martxoaren 22an egin zen akordio bat dago. Horrek gogortu egin zituen kalte-ordainak jasotzeko baldintzak, prekarietate egoera zaildu du eta, haien artean, langabezian direnen egoera. Erantzukizun Ituna ere izan da, Manuel Valls gobernura iritsi aitzinetik egin den azken akordioa da. Hitz bitan: 40.000 milioi euroko oparia izan da enpresentzat eta 50.000 milioi euroko aurrezkia gastu publikoetan. Jakin behar da gastu publikoetan aurrezkiak egiten diren unetik klase ertainari gero eta kalte handiagoa egiten zaiola, zerbitzu publikoa gutxitzen dela, soldatak izozten, langabezia emendatzen...

Sartze politiko honen argazki bat: Vallsen harrera beroa Medefeko udako unibertsitatean.

Vallsek biziki ongi inauguratu du gobernamendu berria, Medefen udako unibertsitatean txalo artean errezibitua izan denean. Medefek onura gehiago eskatu dizkio Vallsen bigarren gobernuari, eta hark ez kezkatzeko esan dio, gehiago izanen dutelako. Lan ministroak adierazi du langabeen kontrola gogortuko duela, eta hori lotsagarria da. Gure irudiko, bigarren gobernu honek enpresarientzat gobernatzen du. Medefek gero eta gehiago eskatzen du. Jaiegunak kentzeko eskatzen du, gaur egungo Smic-a baino apalagoa den soldata langileentzat, eta baita 35 lan oreneko asteei muzin egitea ere. Bere burua ezkertiar izendatzen duen gobernu bat dugu, eta langabeen aurka doa behin eta berriz.

Uste al duzu 35 lan oreneko asteak moldatu dituela?

Mehatxu bat da. Emmanuel Macron Ekonomia ministroak aipatu du. Medefek hori eskatzen du aspalditik, eta berriz ere eskatuko du. Dendak igandeetan ireki daitezen ere eskatzen du. Laburbilduz, guretzat Valls II gobernamendua eskuindar ildotik doa, eta baita urrunago ere, alderdi eskuina baino haratago doa. Eskuinak egin ez duena egiten du gobernu berriak. Adibide bat emanen dut: gaur egungo gobernuak Erantzukizun Itunaren bidez 40.000 milioi euro oparituko dizkio patronalari; eskuinak 30.000 milioi euro oparitzea pentsatzen zuen. Vallsen gobernua patronalaren zerbitzura eta langileen aurka doan gobernu bat da.

Erreformak gaitzesten dituzue, eta mobilizaziora deitzen. Zer mobilizazio mota?

Mobilizazioei dagokienez, indar metaketa beharrezkoa dela diogu. Borrokak badaude, baina sakabanatuak dira. Kanporaketak eta enpresa ixteak salatzeko borrokak egin dira. Adibidez, uda hasieran trenbideko langileen borrokaldia izan zen, okerrera doazen lan baldintzak salatzeko. Borrokak badira, baina bakartuak dira, sektoreka eta sakabanatuak. Gure ustez, sindikatuek erantzukizun handia dute. Borrokak koordinatu beharko lirateke eta bateratu, mugimendu sozial bateratu bat sortzeko. Baina ez dago borroka mota hori bultzatuko duen sindikatu konfederaziorik. Bakoitza bere aldetik doa, gobernuari aurre egin gabe. Nagusien sindikatua, Medefeko nagusiak eta gobernuko ordezkariek egoera nola hobetu pentsatuko dute, baina badakigu enpresariek dutela erabakiko eta gobernuak segituko duela. Horren kontra sindikatuek ezin dute gauza handirik egin. Gaur egun, borrokatu behar dugu, eta ez soilik sektoreka. Langile eta klase ertainen aurkako eraso gogor bat dugu aitzinean. Horren kontraerresistentzia plan bat antolatu behar dugu. Borroka bateratu bat lortu ezean, zaila ikusten dut gure aurkako erasoei aurre egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.