Koronabirusa

Txertoen esportazioa eten ahal izateko araua aurkeztu du Bruselak

Ion Orzaiz.
2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Txertoen esportazioa are zorrotzago zaindu nahi du Bruselak, eta, behar izanez gero, baita blokeatu ere. Horretarako, arau sorta bat aurkeztu du Europako Batzordeak, eta gaur-biharretan eztabaidatuko dute. Antzeko arau bat onartu zuten joan den urtarrilean, Europako Batasunetik kanporako esportazioak blokatu ahal izateko eta EBrekin sinatutako akordioak konplitzen ez zituzten enpresak zigortzeko.

Orain, koska bat gehiago estutuko dituzte baldintzak: esportazioak eten ahalko ditu Bruselak, baldin eta txertoak erosi dituen herrialdeak Europarako txertoen edo osagaien salmenta blokeatzen badu. Hori da, besteak beste, Erresuma Batuaren kasua: AstraZeneca enpresarekin sinatutako itunari esker, Europako Batasuneko herrialdeetan ekoitzitako txertoak jaso izan ditu Boris Johnsonen gobernuak, baina trabak jarri dizkio kontrako bideari; alegia, Erresuma Batuko lantegietan ekoitzitakoak kanpoan saltzeari.

Bigarren baldintza bat ere jarri nahi du Bruselak: Europan ekoitzitako dosiak saltzen bazaizkio txertatutako biztanle ugari dituen estatu bati Israel, kasurako, esportazioa bertan behera utzi ahalko du Bruselak. Europako Batzordeak azaldu duenez, atzo aurkeztutako arau sortak ez du esportazioen debeku automatikoa ekarriko: Europako Batasuneko estatuek izanen dute gaitasun hori, baina Bruselak oniritzia eman beharko dio.

29 milioi dosi Italian

Hain zuzen, AstraZeneca txertoaren 29 milioi dosi atzeman zituzten atzo Italian, Catalent Pharma enpresak Anagni herrian duen lantegian. AstraZenecak Europako Batasunari orain arte igorritakoen bikoitza da hori. La Stampa egunkariaren arabera, Europako Batzordeak uste zuen dosi horiek guztiak Londresera esportatzekoak zirela, baina AstraZenecak ukatu du hori: enpresaren arabera, 16 milioi dira Belgikara bidaltzeko, eta beste 13 milioi, Covax lankidetza programaren bidez, herrialde pobretuetara igortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.