EREMUAK

2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Arguedas-Valtierra
Larunbat eguerdian hasi zen sutea Bardeako natur parkearen inguruan. Senda Vivako parkearen animaliak gertu zeuden sugarretatik, eta lan handia egin behar izan zuten husteko. Parkean zeuden 2.500 bisitari inguru ere leku seguru batera eraman zituzten. Nafarroako Gobernuaren arabera, ezin izan ziren salbatu animalia guztiak: parkean bizi ziren 800 animalietatik 12 inguru hil ziren, suteak sortutako estresarengatik.

Leireko mendikatea
Nafarroan piztu zen lehen sutea izan zen. Ekainaren 14ko gauean izan zen ekaitz lehorrean erori zen tximista batek piztu zuen sua, eta berehala zabaldu zen baso lehorrean. Sutearen ondorioz, Leireko monasterioko fraideek eraikina utzi behar izan zuten. Azkenean, ostegun arratsaldean esan zieten itzul zitezkeela. Ordurako kontrolatuta zuten sutea suhiltzaileek. Tamalez, baina, astelehen arratsaldean handik gertu beste su bat piztu zen, Tiermas herrian, Aragoi eta Nafarroa arteko mugatik gertu. Berriz hustu zuten monasterioa, eta inguruko turistek ere alde egin behar izan zuten.

Legarda-Izarbeibar
Legardako sutea izan da egunotako handienetakoa. Asteburuan piztu zen sua, larunbat eguerdian, eta hainbat eremutan zabaldu da, Erreniega eta Esparaz mendien artean. Atzo arte egon zen fokuren bat Arzotz eta Argiñaniz inguruan. Inguruko herritarrek, suhiltzaileek eta basozainek lan handia izan dute, eta lurrez eta airez aurre egin diete sugarrei. Hainbat herri hustu behar izan dituzte egunotan. Larunbat eguerdian, Eunate baselizatik gertu sute bat piztu zen, eta Muruzabalera, Obanosera eta Garesera zabaldu zen. Herri horretako hainbat auzo ere hustu behar izan zituzten, sute arriskuagatik.

Nafarroaren erdialdea
Suak erdialdeko Nafarroan eragin ditu kalterik handienak egunotan. Oso gogorrak izan dira suteak Olletan eta Uxuen, esate baterako. San Martin Unxen ere bizilagunen etxeetatik oso gertu geratu ziren sugarrak. Inork minik hartu ez badu ere, kalteak oso handiak izan dira eraikinetan, nekazaritzarako lan tresnerian, basoan eta labore lurretan. Inguru horretako bizilagun askok etxetik kanpo pasatu behar izan dituzte zenbait egun, sugarren arriskuarengatik. Atzoko ekaitzak gogor jo zuen inguruan, eta egoera kontrolatzen lagundu zuen.

Orbaibar
Sugarrek mendi eremu zabalak kiskali dituzte Orbaibarko inguruetan (Leotz, Iriberri eta Irañeta), Alaitz mendilerroaren hego hegalean. Atzo euria erruz egin zuen bertan, eta 15 litro inguru pilatu ziren gauean.

Tafalla
Ekainaren goizaldean piztutako suteak Tafalla inguruko labore lur batzuk eta pinudi bat kiskali zituen. Tafalla eta Larraga arteko etxalde batzuk eta industria gune bat gertutik zaindu behar izan zituzten, erretzeko arriskua baitzuten.

Estellerria
Larunbat arratsaldean Arroitz eta Los Arcoseko eremuetan piztutako sute handi batek ehunka hektarea baso, fruitu-arbola sail eta labore lur kiskali ditu egunotan. Suak lan handia eman die herritarrei eta suhiltzaileei. Inguru horretan Arabako eta Errioxako (Espainia) suhiltzaileen laguntza izan dute Nafarroakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.