Pastor
DARWIN ETA GU

Iraultzaren hizkuntza

2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Iraultza komuneko horman. Make class war idatzi dute bertan. Ondoan erantzuna dugu: «Ez dut uste munduan inoiz iraultzarik ingelesez egin denik: errusieraz, vietnameraz, gaztelaniaz, txineraz… Hemen ere euskaraz egingo da, edo ez da egingo. Hori bai: filmetako iraultzak ingelesez zabaltzen dira sarri».

Iraultzak ba al du hizkuntzarik? Bigarren grafitiaren egileak dioenez, bai. Hala uler daiteke. Iraultzak hizkuntza jakin batzuetan egin dira, bestetan ez. Pertsona horren arabera, ingelesez edo frantsesez ez da iraultzarik izan. Hala izango da, baldin eta iraultza jakin baten kontzeptu bakarra badarabilgu. Bestela, ez.

Izan ere, historiagile ugariren esanetan, Ingalaterran iraultza izan zen XVII. mendean: Ingalaterrako Iraultza —ingelesez English Civil War deitzen zaio gertakariari—. Oliver Cromwell-ek boterea irauli zuen. Karlos I.a erregeari lepoa moztu, eta errepublika britainiarra (1649-1660) ezarri zuen han. Lehena eta azkena.

Cromwellek eztabaida eragiten du oraindik ere. Zenbait lekutan ez dute bereziki maite. Galdetu irlandarrei ingelesak bertan egindako sarraskiei buruz. Monarkiak bizirik iraun du 1660tik Erresuma Batuan. Bigarren errepublikarik inoiz sortuko ote da? Ia ezinezkoa, gu bizirik gauden bitartean. Lady Di, Kate Middleton, Meghan Markle, The Sun eta besteren lana ez da alferrik izaten.

Frantsesez ere izan zen iraultza. Euskal Herrian ez zuten oso ondo jokatu frantsesek. Halarik ere, liberté, égalité et fraternité kontzeptuak geureganatu ditugu. Antzinako Erregimena bota zuen Frantziako Iraultzak. Aristokraziaren eta Elizaren pribilegio feudalak kendu. Demokrazia burgesaren oinarriak ezarri zituen. Modernitatearen hasiera izan zen, historiagile gehienen iritziz.

Errusieraz, vietnameraz, espainieraz ere izan dira iraultzak. Euskaraz, ez. Zer iraultza egingo da Euskal Herrian? Euskaraz izango da? Ez dirudi Neguko Jauregia hartzeko indar korrelazio onenean gaudenik. Eta hori gertatuz gero, euskaraz izango denik. Bilboko Komuna egingo dugu? Ez gaude XIX. mendearenbukaerako Parisen. Adolphe Thiers-ek milaka langile sarraskitu zituen Frantziako hiriburuan, Komunaren gobernantza iraultzailea bukatzeko. Noren laguntza izan zuen Thiersek? Alemaniarrena. Frantziarren nazio arerioak batu zituen frantziarrak hiltzeko. Baionan bere kalea du Adolphe Thiersek. Eta Dantonek?

Ez gaude 1871n. 1975ean ere ez. Euskal Herri penintsularra iraultzeko gogoa bizi-bizirik zegoen, baina betikoek ondo lotu zuten dena. Arzalluzek esan zuenez, batzuek Kantauri aldeko Albania egin nahi zuten hemen. Azak jango genituen, energia nuklearrari muzin eginez gero.

Orain gure mikro-iraultza pertsonalak egiten ditugu. Horixe da kontsolamendua. Bai, iraultza barrutik hasten da, ados. Txakrak ondo jarri, sakon hartu arnasa, eta aurrera. Eta gero? Txintxinaren hotsa, ez izan horren lotsa. Noizean behin, gaikako protestak egiten ditugu. Sinetsita, edota barrena, gogoa lasaitzeko. Plastikoaren kontrako astea izan berri dugu. Ederto, Ama Lurra txikitzen ari gara eta. Besterik? Noizko aste bat —egun bakar bat ere nahikoa izango litzateke — hirugarren munduko esplotazioaren kontra? Ez erabili ume afrikarren lan latzari esker ekoitzitako mugikorrik, ez jantzi Bangladesheko neskatoek jositako arroparik. Sakelako telefonorik gabe eta biluzik, elkarri begiratuz komunikatu, egun batez. Hori bai iraultza. Euskaraz egingo genuke iraultza hori? Erdaraz, seguruenik. Baina Euskal Herrian iraultza erdaraz egitea ez litzateke erabat iraultzailea izango. Ez luke hemengo egoera linguistikoa irauliko. Bizirik irautea, horixe da euskarak egin gabe duen iraultza handiena. Gero gerokoak.

Espainiar bati irakurri diozue Whatsappen espainieraz bizi naiz leloa? Frantses bati frantsesez bizi naiz? Iraultza linguistikoa mende luzeetan garatu zuten, haien borondatez eta besteen gaineko inposizioaz. Guri ezer gutxi utzi digute: Whatsappen euskaraz bizi naiz jartzea besterik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.