Lehen aldiz, alderdien agendan

Zenbait herrialdetan Europako Parlamenturako hauteskundeetako gai nagusietako bat bihurtu da klima aldaketari lotutako krisia, mobilizatzen ari diren gazte eta ikasle sektoreek hauspotuta.

Parisen atzo gazteek eginiko manifestazioetako bat. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
inaki petxarroman
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Ez Europa gero eta sarriagotan jotzen ari diren klima fenomeno muturrekoek, ez zientzialariek ezagutarazitako datuek. Europako hirietako kaleak hartzen ari diren gazte belaunaldi berrien presioak eraman ditu alderdi politikoak, lehen aldiz, Europako Parlamenturako hauteskundeetan aintzat hartzera klima krisiaren auzia. Herrialde eskandinaviarretan, Frantzian, Alemanian, Herbehereetan eta Belgikan, esaterako, kanpainaren ardatzetako bat izan da; ez hainbeste hegoaldeko herrialdeetan, eta are eta gutxiago ekialdekoetan.

Edonola ere, agenda politikoan txertatu dute gazte mobilizazioek arazoa. Europako Alderdi Popularrak (EPP) —azken legegintzaldian, parlamentuko alderdi nagusia—, esate baterako, lehen aldiz erantsi dio bere programari klima aldaketaren gaia. Erresuma Batuan, adibidez, diputatu berriei eskatu diete Green New Deal (Hitzarmen Berde Berria) batekin engaiatzeko. Frantzian, berriz, 45 hautagaik «klima larrialdia» aitortzen duen adierazpen ofizial bat sinatu dute. Greta Thunberg nerabeen mugimenduko lider suediarrak honela azaldu du bozetan zer dagoen jokoan: «Gizadiaren etorkizuneko baldintzen inguruan bozkatuko duzue».

Testuinguru horretan, alderdi ia guztiek ekarri dute klima krisiaren gaia euren agerraldietara. Apirilean argitaratu zen azken Eurobarometroak ere erakutsi du herritarren artean lehentasunetako bat dela jadanik, are eta gehiago belaunaldi gazteetan.

Gazte mobilizazioetan dabiltzanek ez dute eskatu botoa emateko alderdi jakin batzuei. Izan ere, orain arte nahiko mesfidati azaldu dira agintariek egingo dutenaren inguruan. Nerabeek adierazi izan dute agintariek «entzun» bai, baina ez dietela «arretaz aditzen». Uste dute orain arte Europak gai honi ez diola erantzun sendorik eman. Europako Batasunak konpromisoa hartu zuenParisko Itunean, 1990ekoen aldean %40 gutxitzeko gas isuriak 2030erako. Zientzialarien iritziz, konpromiso hori ez da nahikoa munduaren tenperatura bi gradu baino gutxiago igo dadin. Europako potentziek gai hau aztertu zuten azken goi bilera maiatzaren 9an izan da, Sibiun (Italia), eta ez dute beharrezkoa ikusi klima aldaketari aurre egiteko neurrietan sakontzea.

Eskuin muturra, aurrean

Ikasle mugimendu horren erreakzioz ere elikatzen ari dira eskuin muturreko alderdi batzuk. Alemanian, esaterako, Alemaniarentzako Alternatibak (AFD) eta halako alderdiek zuzenean jo dute ikasle mobilizazioen helburuen aurka. Erregai fosilen eta ikatzaren erabilera babestu dituzte, eta trantsizioak beren ustez eduki ditzakeen ondorioak kritikatu dituzte: energiaren prezioaren gorakada, lanpostuak suntsitzea eta industriari kalte egitea.

Alderdi berde eta ekologistek, berriz, espero dute euren alde jokatuko duela olatu horrek. Europako Parlamentuko sozialdemokraten buruak, Udo Bullman alemaniarrak, «joera historiko» hori aprobetxatu nahi du. Dioenez, bere taldeak klimaren auziari erantzuteko programa berriz aztertu du, bermatzeko pobreenek ez dutela kalterik jasango trantsizio horretan proposatuko diren neurriekin. Ohartarazi du tentuz aritu behar dela Frantzian izan den Jaka Horien mugimenduak bezalakorik ez izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.