Euskalgintzako eragileek babesa eta erantzukizuna galdegin dituzte

Euskararen aldeko politikak sustatzeko eskatu diete erakundeei. Herritarrei dei egin diete jardueretan aktiboki parte hartzeko

Euskalgintzako ordezkariak, atzo, Bilbon eginiko agerraldian. M. RAMIREZ / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Kontseiluak, Topaguneak, Durangoko Azokak, Errigorak, AEK-k eta Ikastolen Elkarteak agerraldi bat egin zuten atzo Bilbon, euskalgintzaren ordezkaritza zabal baten izenean, COVID-19aren pandemiaren garaian euskarak eta euskalgintzak bizi duten egoera «larriaz» ohartarazteko. Pandemiaren lehen olatuak agerian utzitako «hutsune eta desberdinkeriak» bizi-bizi daudela salatu zuten, eta lehendik zetozen gabeziak «gordindu» baino ez dituela egin erran zuten. Erakundeei eskatu zieten euskararen aldeko politikak sustatzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak har ditzatela, eta euskaltzaleei eta herritarrei dei egin zieten euskararen aldeko jarrera aktiboari eusteko. «Denon babesa ezinbestekoa izango da», adierazi zuen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak; ekainean aurkeztutako Geroa Euskaratik adierazpenean jaso zituzten proposamen eta neurriak betetzeko eskatu zuen.

Pandemiaren ondorioz, euskalgintzaren proiektu mugarri batzuk atzeratu behar izan dira, eta beste batzuk egokitu behar izan dituzte, horrek dakartzan «ondorio sozial eta ekonomiko» guztiekin. Korrika, ikastolen aldeko festak eta eskola publikoarenak gibelatu dituzte, Durangoko Azoka sarean eginen da. Errigorako saskien salmenta zabalik da, eta jasotako diruaren laurdena AEK, Seaska eta Sortzen-era bideratuko dute. Egitasmo horiek guztiek babestera deitu du Bilbaok.

Euskara erdigunean

Bilbaoren hitzak berretsi ditu Kike Amonarriz Euskararen Topaguneko lehendakariak, eta erran du azaroaren 20tik abenduaren 4ra iraganen dela Euskaraldia bereziki garrantzitsua izanen dela: «Euskaraz bizitzeko hautua egina duen gizarte bat dagoela erakutsi behar dugu». Euskaraldiaren ondoren ere herriz herri eta auzoz auzo jarraipena ematera deitu du «euskaraz bizi nahi duen eta euskara gero eta gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egin nahi duen herri hau bizirik eta aktibo dagoela erakuts dezagun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.