Gizon batek salatu du beste batek bortxatu duela Santurtzin

Zornotzako Udalak jakinarazi du larunbatean eraso homofobo bat gertatu zela herrian

Santurtzin bortxaketa salatzeko egindako protesta, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Erredakzioa
Bilbo
2022ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Larunbat gauean Santurtzin (Bizkaia) izandako sexu eraso bat ikertzen ari da Ertzaintza. Gizonezko batek salatu du beste gizon batek bortxatu egin zuela portuko plazan. Hain zuzen ere, San Jorge jaiak ospatu dituzte herrian asteburuan, eta, gizonezkoak salatu duenez, kontzertuak egin zituzten ingurutik hurbil bortxatu zuten, 03:30 aldera.

Aintzane Urkijo Santurtziko alkateak bortxaketa salatu du sare sozialetan argitaratutako mezu baten bitartez. «Santurtzin ez dugu inoren borondatearen aurkako inolako jokabiderik onartzen», adierazi du. Gertaera arbuiatzeko, udaleko ordezkariek protesta egin zuten atzo. Hain zuzen, bost minutuko elkarretaratze isila egin zuten eguerdian, udaletxearen parean.

Atzokoaz gain, adierazi zuten bortxaketa salatzeko bestelako mobilizazio eta topaketak ere babestuko dituztela. Horren aurretik, Bozeramaile Batzordeko kideak bildu dira gaitzespen idatzi bat prestatzeko —EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos—. Ohar horretan, «aho batez» eta «irmoki» arbuiatu dute bortxaketa, eta azaldu dute eraso hori eta «ezaugarri horietako beste edozein ekintza» gaitzesten dituztela.

Eraso homofoboa

Ez da asteburuko eraso bakarra izan: Zornotzako (Bizkaia) Udaleko ordezkariek jakinarazi dutenez, larunbatean eraso homofobo bat gertatu zen herrian, eta, hori salatzeko, adierazpen instituzional bat plazaratu dute. Ez dute erasoaren inguruko inolako xehetasunik eman. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, eta atestatua zabaldu du.

Udal ordezkariek elkartasuna eta babesa helarazi diete erasoa jasan duen biktimari eta haren senitartekoei. Halaber, nabarmendu dute horrelako erasoak ezin direla onartu, giza eskubideak urratzen dituztelako: «LGTBI+ kolektiboaren aurka gauzatzen den indarkeria haren duintasun eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria da; ondorioz, giza eskubideen urraketa larria eta onartezina da». Gaitzetsi ez ezik, salatu ere egin dute: atzo arratsean elkarretaratze bat egin zuten herritarrek, udal plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.