Pastor
DARWIN ETA GU

Nesken oihuak

2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Tren geltokia, astegun bateko eguerdian. Neska telefonoz hitz egiten ari da. Ez ditu 30 urte izango. «Deika eta deika daukat, eta geratzeko esaten dit». Azaltzen ari denez, elkartzeko eskatzen dionean pertsona horrek argi utzi nahi dio ez dela «beti, egun guztietan» izan behar, baizik eta «tarteka, ideiak argitu arte». Badirudi telefonoz beste aldeko solaskideak lasaitu nahi duela. Neskak bere horretan segitzen du, baina. «Bost urte elkarrekin, eta orain adarrak jarri dizkit. Ez dut ezer jakin nahi», esan du, haserre. «Bai, erraza da. Baina nola esango diot, ulertzeko eran eta mindu gabe, ez dudala harekin gehiago egon nahi?».

Nahiak modu argi eta irmoan azaltzen ikastea komenigarria da gizaki askorentzat. Aditu ugariren ustez, emakumezkoen kasuan are nabarmenagoa izan liteke tinkotasun horren gabezia. Kulturala, soziala da hutsunea? Genetikoa?

Suediako zenbait ikastetxeren ezaugarri pedagogikoak azaldu zituen The New York Times egunkariak horren harira, duela aste batzuk. Genero neutraltasunaren eredua jarri duten eskolak dira. Generoaren araberako bereizketak ahalik eta gutxiena eta txikienak izan daitezen saiatzen dira ikastetxe horiek. Stockholm ondoko Seafarer haur eskola da horietako bat. Umeen aurrean hitz egiten dutenean, irakasleek ez dute «neska-mutilak» esaten, «lagunak» baino. Neskei oihu egiten irakasten diete, eta mutikoei, dantzan —bai, ez da oso gozoa lau urteko neskato bat garrasika ikustea bere nahia argi azaldu nahian. Zalapartaria mutila balitz, bai?—. Mutikoak sukalde lanetan edo dantzan ipintzen dituzte. Neskei «ez» esaten irakasten diete, birikak lehertzeko moduko oihu batean. 2012an, genero neutroa islatzen duen izenorde bat sartu zuten eskoletan —hen izenordea—. Hura erabiltzen hasi zirenpixkanaka-pixkanaka. Gaur egun, gero eta ohikoagoa da Suedian hen entzutea. Halakorik ez da beste inon gertatu. Soilik han.

Eskandinaviako herrialde horretan egindako ikerketaren ondorioei erreparatuta abiatu zen genero esperimentua, 1996. urtean. Ingemar Gens izan zen lanaren bultzatzailea. Gens ez da irakaslea edo hezitzailea, kazetaria baizik. Suediako gizonezkoek Thailandiako emakumeekin ezkontzeko asmoz idazten zituzten iragarki eta mezuak aztertu zituen Gensek. Horrelaxe ohartu zen «Suediako maskulinitate ez-emozionalaz». Gens antropologia eta genero teoria lantzen hasi zen, eta aldaketak proposatu zituen. «Mutikoei neskek egiten zekitena irakasten saiatu ginen, eta alderantziz», jakinarazi dio egunkari estatubatuarrari. Doktrinatzea egotzi zioten. «Nik erantzun nien umeak beti ari garela doktrinatzen». Izan ere, ideiak, pentsamoldeak,jokaerak barneratzen dituzte haurrek heziketaren bidez. Eskolan eta etxean. Beti izan da hala, baina batzuek ez dute ikusi nahi.

Ahalegindu arren, errealitateak ez duela laguntzen ohartu dira Suedian. Eskolako hormetatik kanpo, balio eta irudi tradizionalagoak islatzen eta hedatzen ditu munduak. Eta haurrek hori guztia xurgatzen dute. Seafarer eskolako neskatoei emakumezkoak marrazteko eskatzen dietenean, betile luze eta makillajearekin pintatzen dituzte. Kalean hala dela argudiatzen dute. Irakasleak ere ez daude zama horretatik libre. Geletan kamerak daude, bertako grabazioak modu kritikoan aztertzeko gero. Irakasle bat, andrazkoa, larritu egin zen irudietan bere burua ikusi zuenean: eskolatik irteteko unean soilik mutikoei laguntzen zien janzten, banaka-banaka. Jakintzat ematen zuen neskek txukunak izan behar dutela; mutilak, aldiz, kalamidadeak dira. Bide luzea dago egiteko.

Tren geltokia, jaiegun bateko arratsaldean. Bi neska eta mutil bat. Ez dituzte 20 urte izango. «Emotikonoak bidaltzen dizkit, zer egingo dut?», adierazi du nesketako batek. Beste neska: «Baina tipoa gustatzen zaizu?». «Tira, ez dakit, oso atsegina da». Oihu egin du bigarren neskak: «Aggg, mutil gozoa, ze nazka! Ezin ditut halakoak eraman». Soinean kamiseta bat du: I need love and some unicorns in my life.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.