Pastor
DARWIN ETA GU

Basapiztiak eta arrazistak

2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Guardia zibil ohia eta UPyD alderdiko kidea. Horixe zen, duela hamar urte, Quim Torrari ustezko artikulu arrazista idazteko grina piztu zion gizona. Eta euskal herritarra. «Neu naiz Quim Torra arrazistaren basapiztia espainiarra (eta Durangoko baskoa naiz, Suitzara emigratutakoa)», jakinarazi dio Jose Manuel Opazok Espainiako egunkari bati. «Ustezko artikulu arrazista» idatzi dut, testuak ez baititu espainiarrak aipatzen, baizik eta Kataluniako kulturaren eta hizkuntzaren normalizazioaren aurkako jarrera aktiboa dutenak, han bizi edo ez.

Opazok gertatutakoaren bertsioa azaldu dio hedabideari. Bartzelonatik Zurichera zihoan, Swiss Air konpainiaren hegazkinean. Ohi bezala, airelinea informazioa ematen hasi zen, hiru hizkuntzatan: alemanez, ingelesez eta katalanez. Guardia zibil ohia amorratzen hasi zen, «Espainiatik» irteten zen hegazkinean «Espainiako lehen hizkuntza ofiziala» erabiltzen ez zutelako. Zurichera iritsi, eta gutuna bidali zien konpainiari eta hiriko egunkari bati. Ondorioa: Swiss Air airelineak katalana kendu, eta espainola jarri zuen, alemanarekin eta ingelesarekin batera —bide batez: Swiss Air konpainiak ez du frantsesa erabiltzen eremu linguistiko alemaniarrera doan hegaldian, Zurichera, Suitzako hizkuntza ofizialetako bat bada ere. Berna ez dago sutan horregatik. Iberia edo Vueling konpainiek soilik alemanez, ingelesez eta katalanez egingo balute Bartzelona-Berlin hegaldietan...—.

Hegaldi hartan zegoen Torra, Opazo bezala, eta guztiaren berri jakin zuen. Ondorioz, La llengua i les bèsties artikulua idatzi zuen. Irakurgai dago El Món agerkari digitalean. Torraren berbak manipulatu dituztenek ez dute jatorrizko testua begien aurrean izan, antza. Nik hiru aldiz irakurri dut, eta inon ez da ezer esaten espainiarren edo Katalunian bizi diren kanpotarren kontra. Bakean uzten ditu Andaluzia edo Extremaduran bizi diren herritarrak. Edo Murtziatik Bartzelonara joanikoak. Katalunian bizi eta katalanaren kontra jo ta su ari direnak larrutzen ditu, gupidagabe. Haren iritziz, jende mota horrek «gorrotatu» egiten du «hizkuntza ordezkatzen duen edozer». Areago: «Espainola ez den eta gaztelaniaz ez dagoen guztiak nazka ematen die». Horixe adierazi zuen Torrak, besterik ez. Beste kontu bat da pertsona batzuek guardia zibil ohiaren katalanaren aurkako jarrerarekin bat egitea edo espainiar guztiena bezalakoa dela pentsatzea, orokortzea.

Errespetua, tolerantzia eskatzen dute. Nola jokatuko genuke euskaldunok herritar batek protesta egingo balu hegazkin batean euskaraz egin dutelako eta, horren ondorioz, airelinea hark euskara erabiltzeari utziko balio? Nola erreakzionatuko lukete erdal kosmopolitek Bilbotik edo Donostiatik ateratzen diren garraio zerbitzu guztietan —hegazkinak barne— protesta egiten hasiko bagina euskara ez erabiltzeagatik? Areago: zer esango lukete protesten ondorioz espainola kendu, eta soilik euskara jarriko balute? Ez dut pentsatu ere egin nahi, zer irain eta zer mehatxu.

Zenbait lagunen jokaera basapiztiena bezalakoa dela esatea ez da arrazakeria. Ezjakinak direla esatea ere ez. Ezjakina izatea ez da, berez, txarra. Ezjakina eta maltzurra, gaiztoa, bai. Alfonso Guerra jaunak nazia deitu dio aste honetan Torrari. Generalitateko presidenteak barkamena eskatzeko esan, eta liburu bat bidali dio: Contes negres vora el Danubi. Bere argitaletxeak kaleratu zuen. Mathausen kontzentrazio-esparruko bizipenei buruzkoa da. Katalan baten istorioa aipatzen du, maisua eta anarkista. Puigdemont eta Torra arrazistak eta naziak omen dira. Nolaz izango zara arrazista andrea Errumaniakoa baduzu? Nolaz hedatuko du nazi batek liburu bat Mathausenen hil zuten katalan anarkista baten omenez?

Batzuetan, tolerantzia hitza entzuteak beldurra ematen ziola azaldu zuen Maria Dolores Pradera kantari espainiarrak. Sarri, tolerantzia hitza gora eta behera darabiltenetako batzuk intoleranteenak direla. No me amenaces, no me amenaces…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.