Erregimena kalean eta bozetan garaitzera deitu du LABek

Joxerra Senar -

2019ko otsailak 12
«Kezkaz» ikusten du egungo testuingurua, eta, horregatik, bere gogoeta plazaratu du LAB sindikatuak. Kontrabotere posizio batetik dialektika eraikitzailea garatu dute, bai langileen baldintzak hobetzeko, bai Nafarroaren erabateko demokratizazioa sakontzeko. Hala, erabaki batzuekin kritiko azaldu arren, beharrezkotzat jotzen dute ilusioa eta determinazioa berreskuratzea. «Aurrean dugun erronka erregimena garaitzea da, hala kalean nola hautetsontzietan». Horregatik, langileak desmobilizatzeko arriskuaz ohartarazi du: «Hauteskundeetan erregimena garaitzea ez da baldintza nahikoa, baina bai beharrezkoa aurrera egiteko».

LABek aldaketa sakonago bat aldarrikatzen badu ere, demokraziaren zein gizartearen alorrean eman diren aurrerapausoak azpimarratu ditu: «Hauteskundeen ondoko indar korrelazioan erregimenaren aldeko aldaketarik balego, edota aliantzei begira PSNren mesedetan mugimendurik balego, aldaketa prozesua blokeatu eta atzera egingo luke».

Halaber, LABek uste du aldaketa instituzionalarekin ez dela nahikoa. «Eragile sozial eta sindikalen borroka ezinbestekoa da, ez soilik erakundeei galdegiteko, baita aldaketa politiko eta sozial horren norabidean aurrera egiteko ere». Hartara, kalean zein lantokietan mobilizatzeko eginbeharra azpimarratu du.

Egiturazko bi oztopo

Legealdi honetan, sakontzeko bi oztopo atzeman ditu LABek. Batetik, «Espainiako estatuarekiko Nafarroak duen menpekotasuna» —adibidez, 2017ko superabitetik 113 milioi inbertsioetarako erabili ahal izatea blokeatu du PSOEren gobernuak—; bestetik, CEN enpresaburu elkarteak politika ekonomikoetan eragiteko ahalmena. Bi ardatz horiei heltzeko beharra ikusten du. Gainera, beste hainbat arazo aipatu ditu LABek, hala nola «alderdien arteko lehia» edo aldarrikapen sozialen aurkako jazarpena. Gobernuari bide hori bertan behera uzteko eskatu diote.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna