Zailtasunak daude Europan helburu bateratuak zehazteko

Irune Lasa.
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Etxeko lanekin berandu dabil Espainiako Gobernua. Joan den urtearen amaierarako bidali behar zion Europako Batzordeari bere Energia eta Klima Plan Nazionalaren zirriborroa, eta oraindik ez du lana bete, bihar ostiralarekin onartuko baitu testua Ministroen Kontseiluak. Egia da ere Batasuneko herrialde gehientsuenak ibili direla presaka Bruselaren epea betetzeko. Azkenean, zazpi estatu kidek ez zuten bete abenduko epea, eta horietatik bi gelditzen dira oraindik lana entregatu gabe: Espainia eta Luxenburgo.

Dena den, epea bete izanak ez du esan nahi besteek Europatik agindutakoa behar bezala bete dutenik. Berez, plan horien xedeetako bat Batasuneko politikak harmonizatzea da. Horregatik zirriborroak aurrena, eta behin betiko planak gero, Europako Batzordeak emandako txantiloi bera betez osatu behar dituzte herrialdeek, klimaren eta energiaren inguruan datozen hamar urteetarako dituzten egitasmo eta helburuekin —2021-2030 epea, lehen planean—.

Zalantzak

Baina herrialde zenbaiten zirriborroek ez dute Bruselaren txantiloi edo eredu hori oso zuzen bete. Alemaniak korrika eta presaka egindako zirriborroak hainbat salbuespen eta behin-behinekotasun dituela salatu dute ingurumen arloan dabiltzan taldeek. Izan ere, Alemaniak oraindik ez dauka erabat zehaztuta nola utziko duen ikatza, eta, beraz, zein epetan lortuko dituen berotegi gasak murrizteko helburuak.

Austriako Gobernuak berak eratutako aditu taldearen arabera, Bruselara bidalitako zirriborroan agertzen diren neurriak ez dira nahikoa izango ezarritako helburuak betetzeko.

Luzera begirako horretan daukate jatorri zirriborro eta plan zenbaiten inguruko zalantzek. Europako Batzordeak bere buruari iaz ezarritako helburuen artean dago 2050. urterako Batasunak karbono neutraltasuna iristea, hots karbono arrastoa zerora eramatea, isurketak ahalik eta gehien murriztuz. Baina ingurumenaren defentsarako taldeen arabera, zenbait herrialderen planek aurreko helburu zaharrei eutsi diete, eta aurreikusi dute2050erako karbono neutraltasun horren %80an gelditzea euren neurriekin. Horiek horrela, plan horien xede nagusia zena, energia eta klima politiken Europa mailako harmonizazioa, ezerezean gelditzeko arriskua dago, anbizio handiagoko eta txikiagoko herrialdeekin.

Bruselak orain zirriborro horiek guztiak aztertu behar ditu. Ekainera bitarte izango du aukera zuzenketak proposatzeko, eta herrialdeek behin betiko Energia eta Klima planak urtea bukatu aurretik aurkeztu beharko dituzte. Gainera, epe bera izango dute—2020ko urtarrilaren 1a— luzera begirako euren estrategiak aurkezteko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.