Macronen komunikazio zuzendariak kargua utziko du

Ander Perez Zala -

2019ko urtarrilak 4
Dimisioekin hasi du urte berria Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Ez dira gobernuko kargu garrantzitsuenetan izan, baina agerian utzi dute presidentea ahulduta dagoela eta haren ingurukoen konfiantza galdu duela. Oraingoan, entzutetsuena Macronen komunikazio zuzendariaren erabakia izan da: hilabetea amaitu baino lehen utziko du kargua Sylvain Fortek.

2016ko apirilean sartu zen Macronen taldean, 2017ko presidentetzarako hauteskundeei begira lan egiteko. Garaipenaren ostean, Frantziako presidentearen diskurtsoak idazteaz arduratu zen, iazko udara arte: Benalla auziaren ondorioz, Macronek aldaketa batzuk egin zituen gobernuan, eta Fort komunikazio zuzendari izendatu zuen.

«Bi urte eta erdi hautagaiaren eta presidentearen alde lan egin ostean, beste proiektu pertsonal eta profesional batzuetara bideratu nahi dut neure burua, eta, batez ere, denbora gehiago eskaini nire familiari», jakinarazi zuen atzo. Gaineratu zuenez, «duela aste batzuk» eman zion erabakiaren berri Macroni.

Ez da bakarra izango

Komunikazio zuzendariaren dimisioari beste hainbat aldaketa gehitu behar zaizkio, balizkoak zein ofizial egindakoak. Gobernuak atzo jakinarazi zuen Barbara Frugier nazioarterako komunikazio kontseilariak bere kargua utziko duela; kasu horretan, aurreikusitako erabakia izan da. Ez da bakarra izango: Ahlem Gharbi Afrikako eta Ekialde Hurbileko kontseilariak ere utzi du gobernua.

Eliseoak jakinarazi dituen aldaketa horiek, beraz, datozen asteotan etor daitezkeenen aurrekariak izan daitezke. Izan ere, Europe 1 irratiak dioenez, Ismael Emelien Macronen kontseilari bereziak «hainbatetan» eskatu du gobernua uztea. Ikusteko dago zer egingo duen, ikerketapean baitago ustez zaintza kameren irudiak gordetzeagatik eta zabaltzeagatik —Benalla auziarekin zerikusia duten irudiak—. Arazo judizialak ere izan litzake Alexis Kohler Eliseoko idazkari nagusiak, interes gatazkengatik. Horiek horrela, bien dimisioa ikerketen emaitzen araberakoa izango da.

Urte eta erdiko agintaldian, Macronen zazpi ministrok dimititu dute, eta nabarmen ahuldu haren autoritatea: Gerard Collomb Barne ministroak; Laura Flessel Kiroletakoak, Nicolas Hulot Trantsizio Ekologikorakoak, François Bayrou Justiziakoak, Marielle de Sarnez Europar Gaietakoak, Sylvie Goulard Armadetakoak eta Richard Ferrand Lurraldeen Kohesiokoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna