Baldintzapean aske utzi dute Ponsati kontseilari ohia Eskozian

Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Clara Ponsati Kataluniako Hezkuntza kontseilari kargugabetuak bere burua aurkeztu zuen atzo Edinburgoko komisaria batean, haren aurkako euroaginduari buruzko auzi saioa hasi aurretik. Madrilek hura Espainiaratzea eskatu du, sedizio delitua egin duela argudiatuta; hasieran, auzitegiek erabaki zuten eskari hori ukatzea, baina gerora tramiterako onartu zuten, eta horren harira egin zuten atzoko saioa. Epailearen aurretik pasatu ostean, Ponsati arratsaldean utzi zuten aske, baldintzapean; hurrengo saioa abenduaren 12an egingo dute.

Aamer Anwar Kataluniako Hezkuntza kontseilari kargugabetuaren abokatuak saioaren aurretik azaldu zuenez, Espainia «estradizio prozesua gehiegikeriaz» erabiltzen ari da; defentsa gisara, ohartarazi zuen haren bezeroak Espainian ez duela «bidezko epaiketa bat» izango: «Kataluniako Gobernuko kide ziren ia guztiak kartzelan edo erbestean daude gaur egun».

Sare sozialen bidez, defentsaren kostuak ordaintzeko finantzaketa kolektiboko kanpaina bat hasi zuen Edinburgoko St. Andrews Unibertsitateak, 115.000 euro inguru biltzeko asmoz —Ponsatik han egiten du lan irakasle gisa—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.