Mendi federazioak «gardentasuna» nahi du korrikalarien hautaketan

Selekzioarekin ez lehiatzeko korrikalariek hartutako erabakia «errespetatu» egiten duela adierazi dute. Beharrezkoa ikusten dute hautatzaileentzat irizpide tekniko batzuk ezartzea

Zigor Egia Euskal Mendi Federazioko presidentea. FEDM.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Iragan ostiralean atera zen argitara auzia: mendi lasterketako korrikalari gehienek jakinarazi zuten ez direla berriz euskal selekzioarekin arituko. 2021eko mendi lasterketetako euskal selekzioko korrikalari guztiek sinatutako ohar baten bidez egin zuten jakinarazpena, baita erabakiaren argudioak azaldu ere: «onartezintzat» jotzen dute Euskal Mendizale Federazioak azkenaldian izandako jokabidea. Batik bat, federazioan hautatzaile zereginetan ziharduten boluntario taldea aldatu izanak sumindu zituen kirolariak. Orain, adierazpen horiei erantzun die federazioak. Zuzendaritzak argudiatu du korrikalariak aukeratzeko irizpideak «eguneratu» eta «gardendu» beharrak bultzatu dituela aldaketak.

Ohar bidez aletu ditu Euskal Mendizale Federazioak egindako urratsen zergatiak azaltzeko argudioak. Besteak beste, xehetasunez zehaztu dituzte txapelketetarako lasterkarien selekzioa osatzeko aurrerantzean kontuan hartuko diren irizpideak. Diotenez, asmoa da irizpide horiek «kirol-merituetan, alderdi objektiboetan eta arlo teknikoko beste batzuetan» oinarritzea. Irizpide berrien zerrendan azaldu duenez, nabarmen begiratuko diete sailkapenei eta emaitzei. Horregatik, azaldu dute beharrezkoa dela hautatzaileentzat «irizpide teknikoak» ezartzea.

Halaber, federazioko zuzendaritzak nabarmendu du orain arte jardunean izan diren hautatzaileei ez eusteko erabakia hartu izana ez dagoela loturik kirol emaitzekin. Kontrara, argudiatu dute hain zuzen ere irizpideen gaineko desadostasunak direla erabakiaren atzean. Izan ere, «guztiek norabide berean arraun egitea» nahi dute, diotenez.

Gainera, zuzendaritzak adierazi du errespetua dietela korrikalariek hartutako erabakiei. Edonola ere, ohartarazpena egin dute: «Lasterkari onenek beti izango dituzte zabalik selekzio honetako ateak».

Apustu garbia

Azken astean piztutako eztabaidari erantzuteko argudioak emateko ez ezik, federazioak selekzioaren aldeko adierazpenak egiteko baliatu du oharra. «Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, eta horretan lanean jarraitzen dugun bitartean, helburua mendi lasterketetako Euskal Selekzioak selekzio gisa funtzionatzea da», azpimarratu dute atzo iluntzean kaleratutako oharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.