Errusiako Munduko Kopa

Ezuste gutxi eta VAR asko

Alemania txapelduna kanporatzea izan da Munduko Kopako lehen faseko ustekaberik handiena. VAR sistemaren eragina eta zaleen arteko liskarrik eza ere aipatu behar dira. Bideoanalisia albistearen amaieran.

ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun

Faboritoek aurrera egiteko asko sufritu arren, ezuste bakarra izan da Munduko Kopako lehen fase honetan. Hori bai, handia: Alemania txapelduna kanpoan geratu da. Afrikako eta Asiako selekzioek aspalditik espero den aurrerapausoa eman ezinik segitzen dute. Bakarra sailkatu da: Japonia. Dena den, aldea murrizteko eta ondo lehiatzeko gai izan dira. VARak uste baino eragin handiagoa izan du, besteak beste adierazitako penaltietan. Bestalde, istilurik ez da izan zaleen artean.

TXAPELDUNA

Kanporatze historikoa

 


Alemaniak, aurreko bi txapeldunek, Espainiak eta Italiak, izandako patu berdina eduki du: lehen fasean joan da etxera, multzoan azken lekuan sailkatuta, gainera. Alemaniaren historiako porrot handienetakoa izan da. 1938. urtetik zeraman fase horretan agur esan gabe, eta azken lau Munduko Kopetan finalerdietara ailegatu zen gutxienez.

Eskura zuen, gainera, sailkapena. Nahikoa zuen Hego Koreari irabaztea, baina 2-0 galdu zuen. Merezita egin zuen gainera, aurreko bi norgehiagoketan emandako irudi kaskarra errepikatu baitzuen. Are gehiago, partidarik kaskarrena jokatu zuen, apenas estutu baitzuen aurkaria. Azken minutuetan baino ez zen joan itsu-itsuan golaren bila. Lausotu egin da 2014. urtean Brasilgo Munduko Kopan erakutsitako joko liluragarria.

Abiadurarik, irudimenik eta sakontasunik gabe jokatu du hiru partidetan. Atzealdean motel ibli dira Hummels eta Boateng, zelai erdian solik Kroos izan da joko apur bat sortzeko gai, eta aurrelariak ez dira behar bezala aritu. Hori kontuan hartuta, Alemaniako zaleek ez dituzte ulertu Loewen hainbat erabaki: adibidez, Sane zerrendatik kanpo uztea, eta Neuer izatea atezain titularra Ter Stegenen ordez.

 

FABORITOAK

Estu, eta ondo jokatu gabe

 


Lehen fase honetan, faboritoek neurketak irabazteko izan dituzten arazoak nabarmendu behar dira. Argentina da horren adibiderik argiena. Sampaoliren selekzioak gorriak eta bi pasatu ditu lehen fasea gainditzeko; Rojok 85. minutuan Nigeriari sartutako golak salbatu zuen. Baina argentinarren gabezia guztiak agerian geratu dira, batez ere zelai erdian duen ideia falta eta atzean egiten dituen akatsak. Messi dauka, baina hark ere ez du lekua topatu Sampaoliren jokamoldean.

Espainia izan da kontrakarrean aritu den beste faboritoetako bat. Kostata irabazi zion Irani, eta sufrituta berdindu zuen Marokorekin. Batez ere atzealdean egin dituen akatsak nabarmendu behar dira. Euskal jokalarien ekarpena hutsala izan da. Izan ere, ez Kepak, ezta Odriozolak, Monrealek eta Azpilikuetak ere ez dute minutu bakar bat ere jokatu. Brasilek eta Frantziak ez dute horrenbeste estutasunik pasatu sailkatzeko, baina ez dute aparteko jokorik egin.

Belgika, Kroazia eta Errusia izan dira, aldiz, txapelketako joko ikusgarriena egin dutenak, zaleen gozagarri. Ikusteko dago final-zortzirenetan, kale edo baleko unea iristean, lehen fase honetan emandako mailari eusten dioten.

 

AFRIKAKO SELEKZIOAK

Aurrera egin ezinik

 


Munduko Kopa guztiak hasten direnean beti dago galdera bat: noiz iritsiko da Afrikako edo Asiako selekzio bat urruti? Bada, honetan ere zail dago. Bakarrak lortu du lehen fasea gainditzea: Japoniak. Aurrerapauso hori eman ezinik segitzen dute, beraz.

Baina baikor izan beharra dago, aldea murriztu egin baita, eta Nigeriak, Iranek eta Senegalek, adibidez, gertu izan dute sailkapena. Hortik harago, gai izan dira Europako eta Hego Amerikako selekzioekin nor baino nor gehiago lehiatzeko. Adibidez, Hego Koreak Alemaniari irabazi zion, eta Iranek eta Marokok estu hartu dituzte Espainia eta Portugal.

 

VAR SISTEMA

Eragina izan du

 


Ikusmin handia zegoen VAR sistemak izango zuen erabileraren eta eraginaren inguruan. Eragina, izan, izan du, eta handia. Adibidez, jada edozein Munduko Kopan baino penalti gehiago adierazi dira. Hemezortzitan zegoen marka, eta aspaldi gainditu zuten kopuru hori. Partida batzuetan, VARa erabakigarria izan da; adibidez, B multzoko sailkapena erabakitzean. Azken unean erabili zen, multzoko bi norgehiagoketan, Iran-Portugal eta Espainia-Maroko lehiatan. Lehen partidan, epaileak Iranen aldeko penaltia adierazi zuen, eta bigarrenean ontzat eman zuen Espainiaren gola. Artean Portugal bazen aurrena eta Espainia bigarren, eta sailkapen ordena aldatu egin zen.

Epaileen akats larriak saihestea da VARa erabiltzeko arrazoia, eta lortu da. Zalantza zen zer-nolako eragina izango zuten jokoaren erritmoan teknologia hori erabiltzeak ekartzen dituen etenek. Batzuek zioten moteldu egingo zuela, baina ez da horrela izan. Egon den alde bakarra zera izan da, partidak minutu gehiago luzatzen dituztela. Adibidez, Alemania-Hego Korea partida, bederatzi minutu. Horri lotuta, ezusterik ezean, inoiz baino gol gehiago sartuko dira luzapeneko minutuetan, kopuru hori gainditzetik gertu baitago.

 

SEGURTASUNA

Ez da istilurik egon

 


Segurtasuna zen buruhauste nagusietako bat Munduko Kopa hasi aurretik, baina ez da bat bera ere egon oraingoz. Antolatzaileak neurriak hartzera behartu zituen azken sasoi honetan Errusiako zaleek Europako txapelketan eragindako liskarrek eta 2016ko Frantziako Eurokopan Errusiako eta Ingalaterrako zaleen artean izandakoek. Lehen neurria izan zen Errusian sartzea debekatzea Ingalaterrako 1.300 muturreko zaleri. Bestalde, 40.000 segurtasun langile aritu dira lanean zelaiak, garraiobideak eta selekzioen egoitzak zaintzen. Munduko Kopa batean izandako kopuru handienetakoa da. Legea ere zorroztu zuten halako istiluetan parte hartzen zuten zaleentzat.

[youtube]https://youtu.be/9nijhba2kD4[/youtube]

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.