Leipzig 2-2 Reala

Nola begiratu, hala ikusi

Realak bina berdindu du Leipzigen, eta Anoetan erabakiko da kanporaketa. Txuri-urdinak birritan aurreratu dira, baina etxekoek oreka ezartzea lortu dute

Laimer baloiarekin, eta atzetik Merino, kendu nahian, atzo gauean Leipzigen jokatu zen partidan. CLEMENS BILAN / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Le Normandek (8. minutuan). 1-1: Nkunkuk (30. min.). 1-2: Oiartzabalek, penaltiz (62. min.) 2-2: Fosbergek, penaltiz (81. min.).

Abantaila galtzea, edo aukerei lotzea: nola erreparatu, hala baloratzen da joaneko partida. Realak itzulerako neurketara aukerekin ailegatzeko xedez bidaiatu zuen Alemaniara. Esan eta egin: bina berdindu zuen atzo Leipzigen, eta Anoetan erabakiko da zein taldek jarraituko duen Europa ligan. Donostiarrak bi aldiz aurreratu ziren markagailuan, baina etxekoek birritan lortu zuten berdintzea.

Reala ia tupustean aurreratu zen. Konturatzerako egin zuen lehen gola. Bederatzigarren minutuan Robin Le Normandek gola egin zuen; ezker hegaletik abiatutako jokaldian, Diego Ricok egindako erdiraketa orraztu zuen Alex Sorlothek, eta Le Normandi ailegatu zitzaion baloia. Eroso errematatu, eta gola egin zuen (0-1).

Eskerrak horri, etxekoak berehala suspertu baitziren.Leipzigek pixkanaka jokoaren agintea hartu, eta zelaian aise nagusitu zen; askoz hobeto aritu zen lehen zatian. Kontrara, txuri-urdinak gehiegi sufritu gabe, baina etenik gabe aritu ziren defentsako lanetan.

Harik eta saiakera horietako batean Leipzigen berdinketa lortu zuen arte. Angeliñok ezker hegaletik erdiratu zuen, eta Nkunku aurrelariak buruz errematatu zuen baloia, sarean sartuz. Ordu erdia bete zenerako orekatu zen partida (1-1).

Leipzig nagusi zela, garaipena lortzekotan bigarren zatian aurrerako urratsa egin behar zuen Realak. Gutxika-gutxika egin zuen: bere areatik aldendu zituten etxekoak, eta indarrak orekatu egin ziren. Imanolenek erasora sarriago egin zuten, eta hortik ailegatu zen bigarren gola. Korner batean Cristian Portuk gertu eduki zuen gola; Realaren bigarren jaurtiketa izan zen, baina, aurrez, Leipzigeko jokalari batek eskuz ukitu zuen baloia: penalti.

Mikel Oiartzabalek ez zuen hutsik egin: 1-2. Hurrengo minutuetan aurrerako urratsa egin zuten alemaniarrek. Beharra zuten. Realaren areara egin zuten, eta 80. minutuan Joseba Zalduak egindako penaltia adierazi zuen epaileak. Duda-mudako erabakia probestuz, Forsbergek binakoa egin zuen. Etxekoek zenbait aukera izan zituzten azken minutuetan; Matt Ryanek eta atzelariek lotu zuten berdinketa. Neurketaren hondarrean Asier Illarramendi eta Ander Martin zelairatu zituen Imanolek: baten itzulera, eta bestearen debuta.

San Mameseko sarrerak

Realak San Mamesen jokatuko du etzi. Athleticen aurkakorako «protokolozko» 150 sarrerak itzultzea erabaki du Donostiako klubak, «egoera ulertu arren, gure zaleek ezingo dutelako egon». Athleticek ez dio sarrerarik bidali, argudiatuz%85eko edukiera mugak hartara behartu duela. Ohar bat atera du Athleticek ere, neurriaren eragina «deitoratu», eta bi taldeko zaleei dagokiela argitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.