Noiz sortua: 2020-02-18 00:30:00

Iruña-Veleia, mikroskopioan

Espainiako Kultura Ministerioko peritu baten ustez, mikroskopio elektronikoak Iruña-Veleiako piezen trazuetan topatutako metal modernoen aztarnak punta metaliko batenak baino ezin dira izan
<b>15920.</b> Euskarazko idazkia «garaikidea» dela dio Espainiako Kultura Ministerioko langileak; trazuetako metal modernoen arrastoengatik, eta markek piezaren gainazalean zarakarrak eteten dituztelako.
15920. Euskarazko idazkia «garaikidea» dela dio Espainiako Kultura Ministerioko langileak; trazuetako metal modernoen arrastoengatik, eta markek piezaren gainazalean zarakarrak eteten dituztelako. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko otsailak 18

Lau ordu hartu zituzten atzo bi akusazioek eta defentsako bi abokatuek Espainiako Kultura Ministerioko geologo bat galdekatzeko, Iruña-Veleia aztarnategiko ustezko faltsutzeei buruzko epaiketaren hamargarren egunean. Hark zuzendu zuen 2013an Espainiako Ministerioaren menpeko Kultur Ondarearen Institutuak piezei mikroskopio elektronikoarekin egindako ikerketa, eta garrantzitsua zen saioa; zeren eta, bere garaian hedabideetara filtratu zenez, aurkikuntzetako idazkunak modernoak direla ondorioztatu baitzuen txosten hark. Zalantza gutxi azaldu zuen atzokoan aretoan ere: «Trazuen %99,9an agertu dira metal modernoak, eta hori ez da ohikoa». Bionbo batzuen babesean xehatu zituen azterketaren nondik norakoak, eta baztertu egin zituen norbaitek nahita faltsutu izanaz bestelako hipotesi guztiak. Bere hitzetan, ez garbiketa prozesuak, ez giroko kutsadurak, ez eta analitika egiteko erabilitako tresneriarekin izandako harremanak ere ez baitute azaltzen metal horien presentzia, kokapena eta morfologia. «Punta metaliko baten arrastoak dira; ezin dute izan beste jatorririk».

Aztarnategian agertutako 39 ezohiko idazkidun zeramika pieza ikertu zituzten institutuko mikroskopioan. «Lagin esanguratsu bat». Bada, geologoaren arabera, «garaikideak» dira haietako 35, eta irudi bakarra jotzen du erabat erromatar garaikotzat: galburu bat. Azaldu zuenez, ikerketa hastean, ez zebiltzan espresuki metal modernoen bila, baina piezak elektroiz irradiatu, horrekin jasotako irudia aztertu, eta agertu egin zitzaizkien XX. mendeaz gero sortutako aleazioen partikulak. Ez bat, eta ez bi, «ehunka». Eta, gainera, asko marrazkiaren arrastoen barruan: ohiko altzairua, batez ere, baina baita altzairu herdoilgaitza ere, neurri txikiagoan. Horiek guztiak piezen irudien marken hondoan. Eta guztiak denborak eragingo lukeen alterazioaren arrastorik gabe. Datu horiek dira perituaren ondorioen heldulekua.

Baina parametro gehiago ere hartu zituen kontuan ikerketarako, eta, Kultura Ministerioko langilearen hitzetan, garaikideak dira piezetako markak, haien arabera ere. Esaterako, irudi eta idatziek «eten» egiten dituzte piezen gainazaletan denboraren higadurak eratutako geruzak. Beste batzuen kasuan, ultramore uhinek erakusten dute irudi horiek sekula ez direla lurpean egon. Eta beste hainbatetan, piezen benetakotasuna indartzeko, markak egin ostean, piezak lurrez estali zituzten zantzuak erakusten ditu mikroskopioak. «Ildoaren eta lurraren artean topatu ditugu arrasto metaliko horiek. Beraz, lehenik metala heldu zen, eta gero lurra».

Geologoak atzo azaldu zuenez, datu horietako batzuk ezin dira berez faltsutzeekin lotu, baina emaitza «esanguratsuak» direla esan zuen, eta, edozein kasutan, datu horien guztien metaketak eraman zuela idazkiak garaikideak direla ondorioztatzera.

Madrilgo Goi Mailako Ondare Kulturalaren Kontserbazio eta Zaharberritze Eskolako hiru perituk ere deklaratu zuten atzokoan. Iruña-Veleiako piezek lurretik atera zirenetik aurrera izan zuten jarraipena ikertu zuten haiek, eta «hutsune handiak» topatu zituzten aurkikuntzak dokumentatzeko orduan. Aipatu zutenez, adibidez, halako aztarnategietan izan ohi den baino nabarmen argazki eta bideo gutxiago egin zituzten aztarnategiko arduradunek. Eta dokumentuetan ere gabeziak antzeman zituzten.

Piezak eta irudiak ezin lotu

Berez, idazkidun 1.188 pieza ageri dira Lurmen enpresak egindako aurkikuntzen inbentarioan, eta haietako 236 daude in situ koordenatuta. Baina inbentarioko datuek ez dute bat egiten arkeologoek aztarnategian bertan zerabiltzaten koadernoetako oharretan datorrenarekin. Lehen uneko apunte horietan ez da grafitodun aurkikuntzarik aipatzen, eta, beraz, idazkiak garbiketa gunean agertuz joan ahala, gerora gehitutako informazioa da inbentariokoa. Horregatik eman zuten ezinezkotzat adituek Iruña-Veleiako materialaren jarraipena bermatu ahal izatea. «Pieza asko badaude koordenatuta, baina ez grafitoengatik. Arazoa da piezak irudiekin lotzea».

Gaur peritu gehiago izango dira epaiketan, eta bihar aurkeztuko dituzte ondorioak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Koronabirusaren azken datuak

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.944 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 846 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.601 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Erosketak egiteko ilarak Gasteizen. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Osakidetza test azkarrak erabiltzen hasi da

Berria

Italiako Gobernuak herrialdean lehorreratzeko debekua ezarri die Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzen dituzten ontziei. «Osasun larrialdiak irauten duen bitartean, ezin dira oinarrizko baldintzak bermatu», adierazi dute.

Herritarren ilada Ordiziako azokan, itxialdiaren hasieran. ©Jon Urbe/ Foku

Baserritarrak haserre, Jaurlaritzak azokak debekatu dituelako

Iker Aranburu

EHNEk uste du Jaurlaritzak ez duela eskumenik salmenta zuzeneko eremuak debekatzeko. "Erabaki tamalgarria», Enbaren ustez

Osasungintzako langileak txaloka Nafarroako ospitale gunean ©Idoia Zabaleta, FOKU

Koronabirusaren hedapena geldotzen ari da Nafarroan, baina ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Ainhoa Larretxea Agirre

Lau hildako eta 112 kutsatu berri izan dira Nafarroan azken orduetan, eta hildakoak hamazazpi dira Araban, 25 Bizkaian eta hamar Gipuzkoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna