Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Alferrik apaintzen

2016ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Poesia gorroto dut. Nire gabezien zerrendan, poesiarekiko jasanezintasuna gailurrean dago. Saiatu naiz, sinetsidazue, baina ezin dut olerkiekin gozatu. Ez ditut ulertzen. Ez naute asebetetzen, ezta —barkaidazue, arren— hunkitzen ere. Ez, ez dut poemetan sinesten.

Are gutxiago prosa poetikoan. Ez da ez bata ez bestea, prosa poesiaz mozorrotuta. Makillatzaileak. Ez naturalistak ez erromantikoak. Koldar hutsak. Beti esaldiak jibaritzatzen. Etenaldiak bortxatuz. Errimatu gabe, ez dira metrikaz arduratzen. Alferrak. Betiko memelokeriak esku artean, pellokeriak hotsandiz kamuflatuak botatzen. Gezurti halakoak.

Artista gorentzat ditugu poetak. Ez dugulako normaltasuna gustuko. Faltsutua behar dugu, sublimatua. Gauza arruntenak salbuespenekotzat jo. Gure egunerokotasun ohiz kanpokoa itxuraldatzen dugu. Marketineroak. Errealitate ziztrina irensteko azukre dosia behar dugulako, parafernalia, alegia. Rimbaud, Neruda, Uribe: iruzurtiak. Lorca, publizista arraioa! Sinbolistak, erromantizismoa, modernistak: komediante hutsak. Madarikatuak.

Zertarako irakurri berriz amodioa, itsasoa edo bularren oparotasunari buruzkoak. Lardaskan denbora galtzea da. Poetek zentzumenak okertzen dituzte. Akastunak, nahaski emozionalak dira. Beti edozeren edertasuna adierazi nahian, burugogorrak, sentimendu estetikoak azaltzen. Non daude zatarzaleak. Amildegia preziosismorik gabe deskribatuko dutenak. Errealitate kritikoa kontatuko digutenak, gordina maneatu barik.

Azkena Maleski izan da. Unai, lagun: ez nauzu engainatzen, Hau ez da poesia poesia-bilduma poesia da. Berdin zait zure style-an prosaismo lotsagabeaz zure etxepeko japoniar teenager-ak aipatzea, edo egun garenari buruz sinesgogor aritzea: poeta bat zara, eta badakizu.

Horregatik ohartarazi nahi zaituztet: ez joan ikustera Kaguya printzesaren ipuina animaziozko pelikula. Inolaz ere ez. Berriro ere, Ghibli estudiokoak beraien exotismo japoniar lizunarekin bueltatu dira, beltxargaren kanta gisa. Berriz, ustezko haiku sinple bat anime bihurtuta argitu dute. Oraingoan, begi hauek ikusi duten trazu artisau lirikoenaz egina. Harrimenez eta espantuz marraztua, lerroak pozez zoratzen, malenkoniatsu. Natura finko begiratzen egon den norbaiten eskutik. Enbor bat enborra izateari utzi arte. Mehea, gardena, biguna, gozoa. Betierekoa. Poesia bisual oro, bai, eta ausart naturalista.

Ez joan ikustera, arren; hain ederra da, behatzek ere negar egingo dizuete. Erne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.