Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Barbara Lennie, lehenik

Angel Aldarondo.
2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun

'Una especie de familia'



Zuzendaria: Diego Lerman. Herrialdea: Argentina-Brasil-Polonia-Frantzia.Iraupena: 96 minutu.

Malena klase ertaineko sendagilea da Buenos Airesen. Egun batean Costas doktorearen deia jasoko du, esanez berehala bidaiatu beharko duela Argentinako iparraldera, espero duen haurtxoa jaiotzear da eta. Bidaian zehar mota guztietako oztopo moral eta legalak aurkituko ditu, bere mugak ezagutu eta gainditzeko prest ote dagoen jakiteko baliagarriak.

Emakume baten abentura zirudiena, thriller opresibo eta ilun bihurtu du Lermanek —berez beste gauza bat da—, Refugiado filmean egin zuen bezala. Hain zuzen, film guztia da beti bestelako zerbait. Hau ez da amatasun subrogatuari buruzko film bat, askoz ere nahasgarriagoa da. Plano guztietan agertzen den Barbara Lennie aktore bikainaren oinaze aurpegiari buruzkoa da. Bere aurpegiak har dezakeen min guztia lehenesten da. Baina film nagia da, eta ez da hortik ateratzen, Barbara Lennieren aurpegitik.

Protagonistaren istorioa pantailaren atzealdetik kontatzea; horretan datza zuzendariaren estrategia. Kontatzen den guztia eremuz kanpo gertatzen da, Barbara Lennieren begirada izutu eta hondoratuan, galdetze egoera amaigabe batean. Esan dezagun galduta egotearen sentsazioak gidatzen duela oso hondoan galduta dagoen kontakizuna. Ez da bakarrik emakumeez hitz egitea, hori ere egiten duen arren. Emakume izateak berez ekartzen dituen bidegabekeriak agerian uzten ditu, didaktizismorik gabe, alegiazko irakaspen faltsurik gabe. Film enigmatiko eta zerebral bezain nahasgarri eta harrigarria da horren guztiaren emaitza .

Zail samarra da bere tragedia obsesiboaz kutsatzea, ez baitigute gauza askorik esaten bere egoera emozional latzaren inguruan. Barbara Lenniek interpretazio aparta egiten duen arren, pertsonaiaren jarrera nekagarria egiten da. Baina batek daki; epaimahaiak horrenbeste gustuko duen intentsitate emozionalak mesede egin diezaioke. Halere, Zinemaldi honetan ikusi ditugu jada film guztia eusten duten sufrimenduz betetako emakumezkoen adibide on batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.