Hodeien bidez, Sahararaino

Saharako haurrak ezin direnez Euskal Herrira etorri, 'Mezuak hodeietan' kanpaina jarri du martxan Oporrak Bakean elkarteak. Pandemiari gerra gehitu zaio iaztik.

Oporrak Bakean programarekin 2017an Euskal Herrira etorritako haur sahararrak Urduñako kanpamentuan (Bizkaia), artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Bigarren urtez jarraian, bertan behera geratu da Oporrak bakean programa. Mendebaldeko Saharako haurrak ezin izan dira udan Euskal Herrira etorri, eta errefuxiatuen kanpamentuetan daude. Bertara eskutitzak bidalita, euskal gizartearen eta sahararren arteko harremana mantentzea du helburu Mezuak hodeietan egitasmoak. Martxan da jada, eta ez du amaiera epe zehatzik.

Iaz, pandemiagatik, ezin izan ziren etorri, eta, orain, COVID-19ari gerra gehitu zaio. 2020ko azarotik Mendebaldeko Sahara eta Maroko guda deklaratuan baitaude berriro. «Oporrak Bakean-ek sortutako elkartasuna moztea eragin du horrek, eta euskal gizartea martxan jartzeko beharra sentitzen genuen», adierazi du Elixabet Eizagirre Oporrak Bakean-en Gipuzkoako koordinatzaileak. Horregatik, Mezuak hodeietan kanpaina jarri dute abian.

Elezahar batek dionez, sahararrak hodeien seme-alabak dira. Eizagirreren arabera, hortik abiatu ziren egitasmoaren izena erabakitzerakoan: «Kondairari tiraka, eta hodeiek mugarik gabe bidaiatzeko aukera dutenez, hortik sortu genuen ideia». Helburua «ahalik eta mezu gehien» bidaltzea da; izan ere, «kanpamentuetara iristen diren mezu guztiak aberasgarriak izango dira, monotonia hautsiko baitute».

Lehenik, aisialdi taldeei egin diete gutunak idazteko gonbita. Gerora, harrera familiei, haurrei errebisioak egiten dizkieten mediku zein dentistei eta, irailean, ikasleei. Beste edonork ere parte har dezake. «Animo mezuak, udako planak edo beste edozer» idatz daitekeela jakinarazi du Eizagirrek. Norberak nahi duen hizkuntzan, hodei baten barnean, idatzi behar du mezua. Oporrak Bakean-ekoak arduratuko dira mezua kanpamentuetara eramateaz. Oporrakbakean.eus webgunean ageri da haiekin harremanetan jartzeko modua.

Kanpainak amaiera data zehatzik ez badu ere, azaro aldera mezuak eramateko asmoa dute. Karabana solidario bat osatu nahi dute, errepidez Euskal Herritik kanpamentuetaraino joateko. Iaz sortutako ideia da: «Zuek ez bazatozte, gu joango gara», pentsatu zutela azaldu du Eizagirrek. Pandemiak, ordea, ez zuen hobera egin, eta aurtengo negua heltzerako joan ahal izatea espero dute. Gutunez gain, beharrezko materialak eta herritarren dohaintzak eramateko asmoa dute.

Itzalean, 45-50 gradu

Errefuxiatuen kanpamentuetan ere ekintzak antolatzen ari dira. «Mendebaldeko Saharako Gobernuak, Fronte Polisarioak, iazko udan eta aurtengoan, haurrentzat aisialdirako programa alternatibo bat antolatu du», jakinarazi du Eizagirrek. Programa zabala da: kirol, aisialdi eta kultura jarduerak antolatzen dituzte, baita gurasoentzako hausnarketak ere. Ekintza horiek kanpamentuetan uda igarotzea «eramangarriagoa» egiteko helburua duela adierazi du M. Limam Mohamed Ali Fronte Polisarioak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak.

Beroak, ordea, zaildu egiten du ekintzak antolatzea.«Kanpoko tenperaturak kontuan hartu behar dira, eta beroa jaisten den momentuan egiten dituzte. Egun batzuetan ezinezkoa izaten da», jakinarazi du Eizagirrek.

Errefuxiatuen kanpamentuetan bizitzea, berez, gogorra bada, zer esanik ez udan. Basamortuaren erdian itzalean 45-50 gradu inguruko tenperaturak egiten dituela esan du Limamek.

Baldintza horietan bizi behar izan dituzte azken bi udak Mendebaldeko Saharako haurrek. Desertuaren erdian, ur eskasia dute, eta jana ere ez da sobera. Pandemiarengatik, mugak itxita, kanpoko herrialdeetatik bidalitako elikagai, medikamentu eta bestelakoak ere urritu egin dira. Ohiko egoeran, Euskal Herrian zein Europako beste hainbat eremutan igaroko zituzten hilabeterik beroenak; ondo elikatuz eta azterketa medikuak pasatuta.

Aurreko guztiari gerra gehitu zaio. Iazko azarotik, sahararrak eta marokoarrak guda deklaratuan daude berriro ere. Saharar soldaduak kanpamentuetako gizon «ia guztiak» direla eta horrek bertako bizimoduan eragin nabarmena duela azaldu du Elixabet Eizagirrek: «Hildakoak daude, soldaduak gerrara doaz, eta agurtu egiten dituzte ez dakitelako itzuliko diren edo ez. Paraleloki, egunerokotasuna ere hautsi dute. Gizon horiek euren etxera eramaten zuten diru apurra ez baita iristen».

Azkena izatea amets

Limamek adierazi du Espainiako eta Frantziako estatuak gerraren erantzule direla. Baita gudari amaiera emateko bide bakarra dagoela ere: «Eskatzen dugun bakarra herri honek zer nahi duen erabaki ahal izatea da, botoa emanez. Marokoarra izatea erabakitzen badu, Fronte Polisarioa izango da errespetatzen lehena».

Egoera ez bada aldatzen, Oporrak Bakean programak martxan jarraitu beharko du datozen urteetan. Horregatik, Fronte Polisarioak etorkizuneko deialdiak prestatzeko baliatu du bi urteko etenaldia. «Geldialdiak Oporrak bakean programa berrikusteko balio izan digu, azterketa kritiko bat egiteko. 1980ko hamarkadatik martxan dago, eta beharrezko hobekuntzak egin ditugu», esan du Limamek.

Oporrak bakean antolatzen duten boluntarioen nahia egitasmoa berriz martxan jarri behar ez izatea dela azaldu du Eizagirrek: «Kontuan hartu behar da sahararrak errefuxiatuen kanpamentuetan daudela arazo politiko batengatik, eta arazoari amaiera eman behar zaiola. Sinetsita gaude Oporrak bakean desagertuko den eguna ezagutuko dugula eta uda Mendebaldeko Saharako hondartzetan pasatuko dugula»

Halere, badaki soluzioa ez dela erraza izango, eta hurrengo urterako prestatzen ari dira jada: «400 euskal harrera beharko ditugu», gogorarazi du Gipuzkoako koordinatzaileak, eta familiak parte hartzera deitu ditu: «Urtero esaten dut: datorren urtea azkena izan daiteke; beraz, animatu!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.