Urrunera begira

Hegazti ugarik hegoalderako bidea hasi dute jada, eta datozen hilabeteetan mordoa etorriko da euskal kostaldera. Pertseiden garaia ere gertu da. Zenbait elkartek astronomiari eta ornitologiari lotutako behaketak, tailerrak eta jardunaldiak prestatu dituzte.

Eureka Zientzia Museoan astronomia azalpenak ematen dituzte. KUTXA FUNDAZIOA.
2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Uda garaia da, eta jende askok inoiz baino denbora libre gehiago izaten du plan bereziak egiteko, norbere afizio eta gustuetara moldatuta. Zerura begiratu, eta, gau zein egun, naturak ematen du zer ikusia eta ikasia. Astronomia eta ornitologia inguruak, esaterako, erakarri egiten ditu haur, gazte zein heldu ugari.

Uda aurrera joan ahala, gero eta hegazti gehiago ikusten dira Euskal Herriko txoko askotako zeru eta paduretan. Sergio Delgado Aranzadi elkarteko kide den ornitologoak azaldu duenez: «Garai honetatik aurrera, uztail bukaera aldetik hasita, oso interesgarria izaten da hegaztien mundua, bai ikerketetarako, bai behaketarako». Edorta Unamuno Urdaibai Bird Centerreko ornitologoak ere hori azpimarratu du; «askoren ustetan, paseak edo hegaztien migrazio mugimenduak urrian izaten dira, baina txori edo hegazti bakoitza mundu bat da. Bakoitzak bere garaia izaten du migratzeko, eta abuztua mugimenduz betetako hilabetea izaten da».

Unamunok azaldu duenez, Euskal Herriak duen kokapena oso estrategikoa da hegaztien migrazio mugimenduetan: «Euskal Herria eta Bizkaiko golkoa, batez ere, oso leku garrantzitsuak dira hegaztientzat. Askoren migrazio mugimenduetan atseden hartzeko lekua da gure kostaldea, eta bertako hegazti askok Europatik hegoalderako bidean doazen hegaztiekin egiten dute topo han».

Delgadok eta bere lan taldeak Hondarribiko Jaizubia auzoan (Gipuzkoa) dute lantokia, hango paduran. Azpimarratu du haien lana ez dela izaten soilik, hegaztiei eraztunak jarri eta haien jarraipena egitea, eta esan du: «Jendeak mundu hau ezagutzea oso polita izaten da, eta identifikazio ikastaroak edo txorien txioen inguruko ikastaroak eta erakusketak antolatzen ditugu, afizionatuak ere gurera gerturatu daitezen». Donostiara eta Txingudiko badiara ere mugitzen dira irteerak eta behaketak egitera.

Unamunok eta bere lantaldeak, eraztun sisteman lanean aritzeaz gainera, proiektu ugari eramaten dituzte aurrera Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren (Bizkaia). Uda garaian, egunero izaten dute zentroa irekita, 11:00etatik 19:00etara, eta tailer, ikerketa, bisitaldi eta erakusketa ugari antolatzen dituzte. Proiektu oso bereziak dituzte. Batetik, Europako hegaztien ikerketan, eraztuntzeak egiten dituzte. «Hegaztiei hankan ipintzen dizkiegun eraztunak nortasun agiriaren gisakoak dira. Munduko beste txokotan eraztunak dituzten hegaztiak aurkitzen badituzte, haien berri ematen digute. Munduko hainbat zentrorekin gaude harremanetan une oro, eta banatu egiten dugu jasotako informazioa», esan du. Joan den urtean, 1.500 hegazti ingururi jarri zieten eraztuna. Unamunok esan duenez, Europan 500 bat hegazti espezie izaten dira urtean, eta, kalkulatu dutenez, Euskal Herritik 300 espezietik gora pasatzen dira; «Ikaragarri aberatsa da hemen daukaguna».

Eraztuntzeez gainera, badituzte beste zenbait proiektu; arrano arrantzalearekin, esaterako. Duela lau bat urte, arrano arrantzaleak ekarri zituzten Eskoziatik, hemen ugaldu eta berreskuratze prozesu baten bitartez «euskaldundu» asmoz. Urtero Afrikara joaten dira negua pasatzera, eta bada arrano bat martxoa erdialdean urtero Urdaibaira bueltan etortzen dena. Haren jarraipena egiten dute, eta haren ibilbide eta habitatak aztertzen dihardute. Proiektu hori aurkezteko, doako bisita gidatuak antolatzen dituzte. Urdaibaiko paduran, arranoak askatu zituzten tokira joaten dira bisita gidatuan, eta, han, behaketak egiten dituzte azalpenak emanez; noizbehinka, arranoa bera ikustea ere lortzen dute.

Proiektu horiez gainera, migrazioa jarraitzeko kanpaina bat ere badute martxan paduratik kanpo, Izaro uhartean. Bertan hegaztientzako uharteek duten garrantzia aztertzen dute.

Zerutik bista jaitsi gabe, gaua iristean, zerua belztu, eta izarrak izaten dira nagusi udako gau oskarbietan. Virginia Garcia Aranzadiko astrologoak azaldu duenez, urte guztian izaten da aukera izarrak, planetak eta zeruak eskaintzen dituen mila fenomeno ikusteko. Astronomia elkarte askok, uda garaian ez ezik, urte guztian antolatzen dituzte tailer eta behaketak: «Udan, baina, eguraldi ona eta denbora librea direla eta, jende gehiago animatzen da leku ilunenetara joan eta zerura begira behar beste denbora ematera», esan du Garciak, eta horregatik animatzen dira elkarteak behaketa gehiago antolatzera.

Ilargi argiaren eragina

Udaran, fenomeno ugari izaten dira: «Jendartean ezagun diren pertseidak abuztuaren 12aren inguruan izaten dira, eta planetak ikusteko ere garai ona izaten da. Jupiter eta Saturno oso ondo ikusten dira, et udako konstelazioak eta ortzi sakoneko objektuak ikusteko aukera ere izaten da», esan du. Pertseidetan, izar usoen fenomenoa areagotu egiten da, eta, ilargiaren egoera eta eguraldia lagun, ikusgarria izaten da zeruak eskaintzen duena. Aurtengoan, baina, pertseidek ilargi betearekin egingo dute bat, eta, Garciaren arabera, «ez da horren ikusgarria izango aurtengo izar uso zaparrada. Ilargi betearen argitasunak ez du utziko izar usoak argi eta garbi ikusten». Gainera, azaldu du egun gero eta argi kutsadura handiagoa dagoela hiri eta herri inguruetan, eta, ondorioz, ez dela horren erraza izaten zerura begiratu hutsarekin ezer ikustea: «Hirietako argitasunak eragiten duen argi kutsadurak estali egiten du izar askoren argia, eta leku askotan ezinezkoa da planeta eta izar handienez gain beste ezer ikustea».

Aranzadi elkarteak Nafarroako Isu herri abandonatuan egin ohi ditu behaketak. Garciak azaldu duenez, «hango iluntasuna nahiko purua da, eta ez da apenas hirietako argitasunik heltzen». Haiek pertseiden garai inguruan antolatu ohi dute udako behaketa. Aurtengoan, baina, ilargi betearen ondorioz izango den ikusgarritasun urriarengatik, aurreratu egin dute jarduera, eta, izar usoetan zentratu beharrean, planeta eta bestelako fenomenoak ikusten saiatuko dira. «Hala ere, ziur nago izar usoren bat edo beste ikusteko aukera izango dugula», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.