Altsasuko auzia. Epaiketa

Altsasuko auziko zortzi gazteek istiluan parte hartu izana ukatu dute

Epaiketaren lehen egunean, auzipetuek guardia zibilen bertsioa errefusatu dute, eta eurek gau hartan bizi izandakoa xehetasunez kontatu dute. Azaldu dute ez direla Ospa mugimenduko kide. Joxerra Senarren bideo analisia, artikuluaren bukaeran.

Auzipetuen senitartekoak eta lagunak, atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean, San Fernando de Henaresen.
Auzipetuen senitartekoak eta lagunak, atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean, San Fernando de Henaresen. J. DANAE / FOKU

Joxerra Senar - Berriemaile berezia

2018ko apirilak 17

Hau da euren burua defenditzeko aukera duten lehen aldia». 548 egun iragan behar izan dira 2016ko urriaren 15eko goizaldean izandako liskar haren inguruko euren bertsioa entzun ahal izateko. Altsasuko auziko epaiketako lehen saioa izan zen atzo, eta, Bel Pozueta Adur Ramirez de Aldaren amak amaieran azpimarratu bezala, orain arte ez dute aukerarik izan euren burua defenditzeko. Zortzi gazteek gau hartan zein ondorengo egunetan bizitako guztia xehetasunez kontatu eta berritu ahal izan zuten. Guztiek bertsio ofiziala irmo ukatu eta liskarrean parte hartu izana errefusatu zuten. Liskar haiengatik terrorismoa egozten diete bai fiskalak, bai akusazio partikularrak. Horretarako erabili nahi duten lotura da Espainiako segurtasun indarrak Euskal Herritik kanporatzeko aldarrikapenaren alde egotea. Dena den, auzipetuek ukatu egin zuten Ospa mugimenduko kide izatea.

Epaiketa hasi baino ordubete lehenago, ikusmin handia zegoen Auzitegi Nazionalaren San Fernando de Henaresko egoitzan (Madril, Espainia). Komunikabide andana gerturatu zen epaiketako lehen eguna jarraitzera. Halaber, auzipetuen senideek zein Altsasuko herritar multzo zabal batek euren beroa eta elkartasuna eman zieten gazteei.

Zortzi gazteetatik hiruk —Adur Ramirez de Aldak, Jokin Unamunok eta Oihan Arnanzek— 518 egun daramatzate preso, behin behineko espetxealdian. Horregatik, Guardia Zibilaren hiru furgonetak epaitegira gerturatu zirenean, altsasuarrek euren animoak helarazi zizkieten.

Epaiketa ordu laurdeneko atzerapenarekin hasi zen, eta bost ordu luze iraun zuen saioak. Guztiak entzunda, gaur hartako nondik norakoen puzzlea osa daiteke.
 

GERTAERAK KOXKA-N

 

 

 


Jokin Unamuno izan zen lehena hitz egiten. Euren lagun taldeko Jon Kepa Bengoetxea Pragara joatekoa zen, eta hori ospatzeko, egun osoa zeraman edaten. Gaua heldutakoan, pilota partida izan zen Altsasun, eta Sakanako pilotariek irabazi zutelako, pozarren zeuden. Gaueko une batean, lagunak banandu, eta Unamunok Koxka tabernan amaitu zuen. Haren hitzetan, ez da ezker abertzalearen giroko ostatua. Beste auzipetu batzuek adierazi bezala, reggaeton musika jarri ohi dute, eta diskotekako giroa du, «argi gutxirekin».

Laurak pasata, Unamunok guardia zibilak ikusi zituen. Aurretik, isunak jartzeagatik, ezagutzen zituen, batez ere tenientea, eta eztabaida hasi zuen harekin: «Nahiko mozkor nengoen ordurako; baina, gogoan dudanez, aurpegiratu nien azal gogorra behar zela gero, isunak barra-barra jartzeko, eta ondoren isuna jaso duten herritarrak etorri ohi diren taberna batera joateko parranda egitera». Hori, irainka edo mehatxatuz egin izana ukatu zuen Unamunok, edo ez du gogoan. Ondoren, bere hitzetan, zalaparta sortu zen, bultzadak hasi ziren, eta tabernatik atera ziren; baina bera bizkarra emanda zegoenez, ez zuen ikusi gertatutakoa, eta tabernan jarraitu zuen.

Guardia zibilek handik atera izana egozten diote, baina ukatu egin zuen Unamunok. Hamar minutura-edo, bai atera zen Koxkatik, eta tenientea ikusi zuen lurrean, eta hura babestu nahirik bere bikotekidea. «Tentsiozko lasaitasun bat zegoen. Jabetu nintzen zerbait gertatu zela, eta alboko tabernara joan nintzen, Biltokira. Parez pare daude. Ez nuen ezer ezkutatzeko». Ukatu egin zuen irain egin ziela guardia zibilei. Orduan iritsi ziren foruzainak: identifikatu eta atxilotu egin zuten Unamuno.

Egun hartan egindako deklarazioetan eta hilabete ondoren epaile aurrean egindakoetan, kontraesanak atzeman ditu fiskalak. Eztabaidatu izana edo guardia zibilak ezagutzea ukatu zuen orduan. Horri buruz galdetuta, honakoa erantzun zuen:«Hainbeste edan ostean, lanbro batean bezala nengoen, eta ardura oro saihestu nahi izan nuen lehen deklarazioan. Hona etorri naiz nire azalpenak ematera». Argi utzi nahi izan zuen liskarrean ez zuela parte hartu:«Ez nuen inor jo, ez kanpoan ez eta barruan ere». Baina hark tenientearekin hasitako eztabaida guztiaren abiapuntua izan zitekeelako, damu zen:«Ez nuen ezer probokatu nahi izan. Testuinguru hartan, tenientearekin eztabaida hasi izanak eragin zezakeen ondoren gertatutako guztia. Hala bada, benetan sentitzen dut oharkabean, mozkor nengoelako, egindako zerbaitek gertaerok eragin izana».
 

 

 

 

ISTILUAREN AURREKOA

 

 

 


Nahiz eta Unamunok oharkabean izan zela adierazi, akusazioak garrantzi berezia ematen dio gau hartan, ordubete lehenago, bera eta Adur Ramirezen artean egindako telefono deiei. Horregatik, gazteen defentsak ere hor jarri zuen azpimarra.

Ramirez de Aldaren arabera, etxean zen 03:30erako, baina Pragara bidaian joatekoa zen Jon Kepa Bengoetxea etxeratu ez zelako, kezkatua zegoen bere arreba. Horregatik, Adurri deitu zion, eta hark, jarraian, Unamunori. Telefono erregistroen arabera, sei-zazpi alditan saiatu zen dei egiten, baina «behin» soilik hitz egin zuten. Ramirez de Aldak ukatu egin du deia erasoa antolatzeko izan zela, eta defentsak Bengoetxearen arrebarekin izandako deia erakutsi du. Ramirez de Aldaren arabera, ez zen Koxkan izan, eta biharamunean ohartu zen gertatutakoaz. Bere esanetan, gau hartan, prakak, kamiseta beltza, jertse grisa eta txaketa zeraman; akusazioak, aldiz, kamiseta gorria zeramala dio, eta Koxkan zegoela. «Ez dakit zergatik dioten hori. Edo gezurretan ari dira, edo nahastu naute beste batekin».

Jon Ander Cobek, Ainara Urkijok eta Iñaki Abadek gau hartan Koxkan egon izana ukatu zuten; aldiz, Aritz Urrizola eta Oihan Arnanz bai egon ziren, baina biek 03:30 inguruan utzi zuten taberna. Julen Goikoetxea, berriz, 01:30etik 06:00ak bitarte egon zen, asko atsegin baitu taberna:«Dantza egin nuen, lagunekin izan nintzen berriketan eta barrez, eta ligatzen ere ahalegindu nintzen». Goikoetxeak «zalapartaren bat» nabaritu zuen, baina ez zuen gertu harrapatu, eta parrandan jarraitu zuen. Biharamunean ohartu zen gertatutakoaren tamainaz.
 

 

 

 

LISKARRAREN OSTEAN

 

 

 


Iñaki Abadek Haritza tabernan egiten du lan, eta gau hartan, dena amaitutakoan, lagunekin elkartu zen parranda egitera. Biltokira azken tragoa hartzera zihoala, foruzainen automobila ikusi zuen, eta «kuriositatez» zer gertatu zen galdetu zion ezagun bati eta Ainara Urkijori —hark Haritza tabernan egiten zuen lan garai hartan—. Gero, foruzain eta guardia zibil gehiago heldu ziren: «Ez zen tentsio giroa, baina urduritasuna zegoen». Telefonoz grabatzen hasi zen, baina inguruan zen guardia zibilen sarjentuak kolpe bat eman eta zorura bota zion sakelakoa. Irudi horiek ez ditu froga gisa onartu epaimahaiak. Unamuno atxilotu zutela jakin ostean, polizia-etxera jo zuen azalpen eske. Han foruzainek identifikatu egin zuten.

Urkijo ere taberna kanpoaldean elkartu zen, eta «asaldatuta» zegoela onartu du, ez baitzuen ulertzen zergatik atxilotu zuten Unamuno. Dena den, akusazioak dioenaren kontra, ukatu egin du guardia zibilaren bikotekideei mehatxu egin ziela.
 

 

 

 

ONDORENGO EGUNETAN

 

 

 


Auzipetu gehienek ondorengo egunetan jakin zuten ikertuak zirela, euren izen-abizenak komunikabideetan ikusi zituztenean. Berehala epaitegietara jo zutela gogorarazi dute. Zenbait deklaraziotan kontraesanak antzeman ditu fiskalak. Adibidez, Oihan Arnanzek atxilotu osteko deklarazioan ukatu zuen Koxkan egon izana: «Beldurrez, gertaeratik ahalik eta urrutien jarri nahi izan nintzen. Gero, familiarekin eta defentsarekin erabaki genuen gertatutakoa, nik ikusitakoa kontatzea, eta Justiziarekin elkarlanean aritzea».

Identifikazio erronden irregulartasunak ere salatu dituzte Arnanzek, Cobek eta Goikoetxeak. Ez zituzten Altsasuko pertsonak sartu bertan, eta, gainera, latinoamerikarrak ziren, beltzaranak: «Euretako batek ez sartzeko esan zidan, zuri bakarra nintzelako», dio Goikoetxeak. «Ez genuen antz handirik, eta presoetako batek esan zidan ez zela zaila ni identifikatzea».
 

 

 

 

OSPA MUGIMENDUA

 

 

 


Gertaerak terrorismoarekin lotzeko, akusazioaren oinarria Ospa mugimenduko kidea izatea da, horrek, aldi berean, ETArekin lotura lukeelakoan; alabaina, auzipetuek ukatu egin dute mugimendu horren kide direla. Unamunok batzarren batean partu hartu zuela onartu du, eta Adur Ramirez de Aldak 2015ko Ospa egunean, edo Aratz Urruzolak, 16 urte zituela, erregeari buruzko parodia batean.

Guztiek adierazi dute ez dutela ezer Guardia Zibilaren aurka. Adur Ramirez de Aldak gogorarazi du guardia zibil baten semearekin pilotan entrenatu izan duela. Cobek, Goikoetxeak eta Urrizolak argi utzi nahi izan dute ez direla militante politikoak.

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna