Inauguratu gabeko gurutzea, hirira so

Olarizuko ikurraren helburua Gasteizen 1951n izan zen Misio Santua oroitaraztea zen. Erregimen frankistak, ordea, agindu zuen 1936ko gerran «Espainiaren eta Jainkoaren alde» hildako apaizen izenak jartzeko

Jon Rejado.
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Olarizuko gurutzea Gasteizen dagoen ikur frankistarik adierazgarrienetako bat da. Kutzemendi muinoaren tontorretik hiri osoa ikusten du, eta, urtean behin, erromeria hartzen du bere oinetan. Ordea, jatorrian gurutzeak ez zuen frankismoari gorazarre egiteko asmorik. Are, erregimenak inposatu zuen esanahi aldaketaren ondorioz, ez zen inauguratu ere egin.

Mendiolako herritarrek eraitsi nahi duten ikurrak, jatorrian, izaera erlijiosoa baino ez zuen izan behar. Hala azaldu du Virginia Lopez de Maturana Historia doktoreak. Proiektuaren jatorrian Pio XII.a aita santuak 1950ean deitu zuen Urte Santua dago. Testuinguru horretan, 1951ko azaroan, Gasteizen Misio Santu izendatu zituzten ekitaldiak antolatu zituen Elizak. «Errepublika garaian fedea galdu zela sinetsita, herritarrak berriz ebanjelizatzea zuten helburu», azaldu du Lopez de Maturanak. Bada, Misio Santu hori gogorarazteko helburua zuen gurutzeak, hasieran.

Proiektuak askotariko sustatzaileak izan zituela adierazi du historialariak: erregimenaren aldekoak, EAJrekin lotutako familiak, ezkerreko alderdiekin lotura zutenak... Ordea, proiektua onartu eta gutxira, Luis Martin-Ballesterok, orduko Arabako gobernadore zibil eta probintziako mugimenduko buruak, eskaera bat egin zuen. Gurutzearen oinarrian idatzi bat jarri beharko zuten, «askapenerako gurutzadan gure aberriaren eta Kristoren alde eroritako» Arabako apaizen izenekin. Esan zuen Arabako Mugimenduko Kontseiluak ordainduko zuela horren gastua.

1952an hasi zituzten lanak hamar metro garai den betoizko gurutzea egiteko. Jose Maria Bueno Monreal Gasteizko apezpikuak oniritzia eman zion jatorrizko proiektuari. Dena den, prozesuak aurrera egin ahala, Martin-Ballesterok sustatzaileei idatzi zien, bere aginduak bete zitzaten. Bada, presio artean, 1952ko azaroaren 23an amaitu zituzten lanak. Gurutzea ez zen inauguratu, baina. Dena den, gurutzearen oinarrian, Misio Santuaren aipamenaz gain, 1936ko gerran hil zituzten Arabako apaizen zerrenda idatzita geratu zen, gaur arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.